Ikasleentzako garraioa bermatzea exijitu dute, Markina-Xemeinen
Gaur [irailak 14] elkarretaratzea egin dute Bekobenta eskolan, Markina BHIko zuzendaritzak eta Oizpe Guraso Elkarteak deituta.
Ikasturtea hasita, ume asko daude ikastetxeetara eskola garraioan joan ezin direnak Hezkuntza Sailaren eta garraio enpresen arteko gatazkaren ondorioz. Horrenbestez, familiak dira seme-alabak eskolara eramaten dituztenak. Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkatertik esan dute “egoera ikustarazteko” eta salatzeko eta “konponbide arin bat” bilatzeko.
Hain zuzen ere, gaur [irailak 14] elkarretaratzea egin dute Markina-Xemeingo Bekobenta eskolaren aurrean, Markina BHIko zuzendaritzak eta Oizpe Guraso Elkarteak deituta. Bertan salatu dute milaka ikaslek ezin dutela “hezkuntzarako eskubidea” baliatu, “ez zaielako bermatzen ikastetxera iristeko behar duten eskola garraioa”. Era berean, gogoratu dute arazo hori ez dela berria eta aurreko ikasturtetan ere “antzeko egoeran” egon zirela azken unean konpondu zen arte.
“Gure seme-alabei hezkuntzarako eskubidea kentzen ari den gatazka berehala konpontzeko eskatzen diegu Hezkuntza Sailari eta garraio enpresei”. Esan dute egoerak “agerian” uzten duela eskola garraioa “funtsezko” hezkuntza zerbitzua dela, “jantokia bezala”, eta biak familian “aldarrikapen historikoak” direla.
Hurrengo pausuak. Gurasoek esan dute “haserre” daudela eta mobilizazioak eta ekintzak iragarri dituzte arazoari konponbidea aurkitu arte. Buruhauste handia izaten ari da familientzako umeen joan-etorriak antolatzea.