Mara Barrutia: "Emakumeen historia barik ez da historia erreal ezta justu bat ere"
Markina-Xemeindarrak herriko emakumeen historiaren ibilbide gidatua osatu zuen joan den zapatuan. Arrakasta handia izan zuen, izen emateak agortu zituen, 80 herritar elkartuz.
Zelan sortu zen Markina-Xemeingo emakumeen historiaren inguruan ibilbide gidatu bat egiteko ideia?
Nik artearen historia ikasi dut, aurten amaitu dut, eta Markina-Xemeingo emakumeen historiaren ibilbide gidatuaren inguruan egin nuen nire Gradu Amaierako Lana. Horrez gain, ikerketa talde baten ere aritu naiz praktiketan, eta hezkuntza proiektu moduan ere aurkeztu nuen. Oso argi nuen GRALa nire herriko ondarearen inguruan egin nahi nuela. Zerbait aberatsa egin, ondare zibil zein erlijiosoagatik. Oso garrantzitsua da herriko jendeak bertako ondarea ezagutzea, azken batean ondarea kultura da eta kultura identitatea da. Herriko historia ezagutu beharra dago.
Zergatik gai hori?
Gaia aukeratu aurretik, Markina-Xemeinen inguruko bibliografia espezifiko dena irakurri nuen, eta bertan emakumeen historiaren aipamen falta zegoela konturatu nintzen, ez zegoela horren inguruko ikerketarik eta hortik tiratzea erabaki nuen. Lanak bi helburu izan ditu. Batetik, herriko emakumeen historia berreskuratzea eta ahotsa ematea eta, bestetik, markina-xemeindarrek bertako ondarea ezagutzea, ez du helburu turistikorik.
Teoriatik praktikara pasa zara.
Nik idatzi nien Uhagoneko arduradunei ibilbide gidatua egiteko aukeraren inguruan. Programan sartzeko eskakizuna egin nien, eta baietz esan zidaten. Egia da ere, lana egiteko laguntza asko izan dudala, liburutegiko eta artxiboko langileek asko lagundu didate, besteak beste, herriko dokumentuak errazten. Azkenean, ez zegoen gaiaren inguruko ikerketarik, eta bisitako toki batzuetarako informazio falta zegoen. Nire GRALa lan bibliografiko bat da, ez da ikerketa lan bat. Horregatik, lehen mailako iturrietara joan behar izan nintzen. Haiei esker osatu ahal izan nuen lana.
“Herriko ondarea kultura da eta kultura identitatea da”
Zenbat denbora egon zara lanean?
Urtebete egon naiz lana egiten. Lehen hilabeteetan zegoen informazio guztia irakurri nuen eta, gero, otsailean, gaia erabaki nuen. Ahozko testigantzak ere jaso nituen osatzeko. Idazten hasi aurretik kontuan izan behar nuen errealitatean gauzatu nahi nuen ibilbide bat osatu nahi nuela. Horrenbestez, ibilbide gidatuko geldialdiek haien artean zuten zerikusia aztertu nuen, ez bakarrik nire diskurtsorako, baita haien arteko distantziarako ere. Irisgarritasuna ere kontuan izan nuen, elbarriren bat etorriz gero parte hartu ahal izateko. Horrez gain, ondare genero ikuspegitik zelan aztertzen den ikasi behar izan nuen, horretarako Legacy Women webgunera jo nuen. Kapitulu berezi bat daukate egiten diren akatsen inguruan, adibidez, emakumeen historia bestelako atal batean eman, historian bertan txertatu ordez.
Informazioa aurkitu ahala, zeintzuk izan dira zure sentsazioak?
Lana egin aurretik, ez nekien ia ezer Markina-Xemeingo emakumeen historiari buruz, Bixenta Mogel Elgezabal eta ezer gutxi gehiago ezagutzen nuen. Ez nekien herrian raketistak egon zirenik. Historiagrafiak orain dela lau hamarkadara arte ez du kontuan izan emakumeen historia. Orain daude ikerketa asko egiten, istorioak berreskuratzen eta historian txertatzen. Biztanleriaren erdia emakumeak gara, beraz, emakumeen historia barik ez da historia erreal ezta justu bat ere. Emakumeek herrian esku hartze handia izan dute betidanik, eta ez dakigu horren inguruko askorik. Ikusi dut ikerketa falta dagoela interes faltagatik eta ez informazio faltagatik. Informazioa egon badago.
Zelako aldaketak bizi izan ditu emakumeak historian herrian?
Emakumeek betidanik izan dute esku hartzea Markina-Xemeinen, era batera edo bestera. Erdi Arotik hasi eta gaur egunera arte historia errepikatu da, hau da, emakumeak izatearren zapalduak izan garela.
Zapatuan izen emate guztiak agortu ziren.
Ez nuen espero hainbeste pertsona elkartzea, eta urduri joan nintzen. Lotsa izan zuen hasieran, baina asko gozatu nuen. Harrera ona izan zuen hasi aurretik, baina nik nahi nuen ostean ere erantzuna ona izatea: jendeak ikastea eta gustuko izatea. Helburua lortu nuen, eta bertaratutakoak oso pozik amaitu zuten, batez ere gauza berriak ikasi zituzten. Herrian landu beharreko zerbait da. Ez dago ezer ganoraz eginda, kulturgunea dugu, baina ez dugu turismo bulegorik edo ondareaz arduratzen den inor. Badaude QR testuak herrian, baina testuak urriak dira, berriztu beharra daude, herriko ondarearen inguruko ikerketa sakonago bat egitea betiere emakumeak sartzen dituena.
“Jendeak ere eskerrak eman zizkidan, batez ere, emakumeek, ahotsa ematearren eta erakustearren”
Zein izan zen ibilbidea?
Goikoportalean hasi ginen aurkezpen bategaz eta Antxia Dorrea izan zen lehen geltokia, bertan herriko emakumeek Erdi Aroan zuten bizimodua azaldu nuen. Jendeak uste du garai horretan emakumeek bakarrik etxeko lanak egiten zituztela, baina askoz gehiago egiten zuten arlo guztietan. Bigarren geldialdia Xemeingo Eliza izan zen, eta hor dagoen aldare nagusiko erretaula. Irudian ikusi daiteke emakumeek adar moduko buruko bat duela, Mari Domingin bezalakoa, eta horren inguruan aritu ginen berba egiten, emakumeen janzkerako bereizgarria delako. Orain arteko froga bakarra dugu Markina-Xemeinen erabiltzen zela. Gero, Arretxinagako San Migel ermitara jo genuen. Ondoren, udal arraindegiko iturriraino joan ginen arropa garbitokiaz aritzeko baita Bixenta Mogel Elgezabaletaz ere. Frontoian ere geratu ginen erraketistez berba egiteko. Era berean, gerra zibilaz berba egin nuen, garai horretan etorri zelako erraketisten gainbehera. Gainera, Uni errepublikanoen autoak konpontzeko garaje bat izan zen. Hurrengo geltikoa Karmengo komentua izan zen. Gerra garaian Zerutxu ikastola egon zen bertan, eta euskara irakasleak emakumeak ziren. Azkenik, Esperantza arma fabrikara joan ginen.
Eta zelako erantzuna jaso zenuen?
Gauza asko ez zekizkitela esan zidaten. Markina-Xemeinen asko pasatzen zaigu bizitza osoa hemen bizi garenez ez garela konturatzen daukagun guztiaz, hain gaude ikusten ohituta, ez garela konturatzen daukagun aberastasunaz. Adibiderik onena San Migeleko ermita da, oso berezia da, bakarra, baina txikitatik ikusi dugunez, ez diogu merezitako garrantzia ematen. Jendeak ere eskerrak eman zizkidan, batez ere, emakumeek, ahotsa ematearren eta erakustearren. Gehien poztu nauena izan da jendeak gauza berriak ikasi zituela. Bisita gehiago egiteko eskatu zidaten, eta pentsatu dugu Gabonetan beste bat egitea.
Zeintzuk eman zuten izena?
Emakumeak izan ziren ia guztiak, mutilen batek edo beste izena eman bazuen ere. Adinari dagokionez, denetarik egon zen, gazteenak 20 urte inguru eta nagusienak 80 urte izango zituen. Markina-xemeindarrak ziren gehiengoak, baina inguruko herrietakoak ere, Aulestiko, Mutrikuko edota Ziortza-Bolibarko herritarrak ere etorri ziren.