Eguraldia lagun, giro ezin hobean hasi dira Aulestiko Santa Eufemi jaiak
Udal legearen ebazpenaren aurkako elkarretaratzean, Uemak uztailean egindako adierazpena berretsi du Aulestiko Udalak: "Lege babesagaz edo barik, euskaraz lan egiten jarraituko dugula berresten dugu gaur hemen"
Aulestiko Santa Eufemiko zelaia irribarre, solas eta umore onez bete dute gaur [irailak 16] Aulestiko eta inguruetako familia eta lagun taldeek. Inork ez du galdu nahi izan egun eguzkitsua, jaiei hasiera emateko.
Eguerdian, 13:30ean, aldarrikapenari leku egin diote bertan bildutakoek. Udal legearen ebazpenaren aurkako elkarretaratzean batu dira, Erantzunik gogorrena, euskaraz egitea lelopean. Irati Urberuaga alkateak eta Jon Zaratek irakurri dute adierazpena. Uemak uztailean adierazitakoa berretsi dute: “Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia salatu, udalek euskaraz jarduteko daukaten eskumena defendatu eta lege babesagaz edo barik euskaraz lan egiten jarraituko dugula berresten dugu gaur hemen”. Euskarak “estatus juridiko berria” behar duela adierazi dute eta, horregatik, azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deitu duen protestara gonbidatu dituzte herritar danak.
Bazkalosteak txapel jaurtiketak eta hiru txirlo bola jokoa ekarri ditu. Ume eta gaztetxoentzako txapel jaurtiketa parte hartze handiagaz egin da. Sari gozo-gozoa jaso dute: erroskilak. Nagusien mailan, 72 parte hartzaile aritu dira zein baino zein gehiago. Irabazleak bi txakolin botila eta sagardo botila bat eroan ditu etxera.
Hiru txirlo erabakigarria. Bizkaiko 32. Hiru Txirlo Txapelketaren finala hartu du Santa Eufemiko bolatokiak. Bittor Astigarraga geratu da lehen, 50 txirlo jota, Sergio Rodriguez bigarren, 43gaz, Javier Osoro hirugarren, 42gaz, Garikoitz Rodriguez laugarren, 39gaz eta Gotzon Uranga bosgarren, 38gaz. Emakumeetan, Nerea Lete izan da irabazlea, 37 txirlo jota, Olatz Arano bigarrena, 30egaz eta Isana Gorosabel hirugarrena, 24 txirlogaz. Gazteetan, Inar Olabarriak irabazi du, Peru Franco geratu da bigarren eta Aner Azurmendi hirugarren. Adinekoetan, azkenik, Astigarraga, Osoro eta Jose Luis Gorosabel izan dira hiru onenak.
EGITARAUA
Irailak 22:
– 22:30. Musika ekitaldia: Hilbera eta Oxabi.
– Ondoren. DJ Latxirongak.
Irailak 24:
– 10:00. Meza, ermitan.
– 12:45. Elkarretaratzea zelaian, Euskal preso politikoen eskubideen alde, Aulestiko preso eta iheslarien aldeko mugimenduak antolatuta.
– 13:30. 42. Ermitara Igoera.
– 14:00. 33. Irrintzi Txapelketa.
– 18:00. Olaia Intziarteren kontzertua.
*Oharra: 11:00etan Lekoiztik Santa Eufemirako bidea itxi egingo da.