Elkartasunak loratzen jarraitzen du Ondarroan
Ondarroako Yaalah elkartearen bosgarren urteurren ospakizunek esker oneko hitzez bete dute Musika Plaza. Fronte Polisarioko delegaritzak jasotzen duten babesa eskertu die Ondarroako Udalari, herritarrei eta Yaalahri.
Elkartasunak loratzen jarraitu du gaur [irailak 16] Ondarroan. Herriko kaleak hartu ditu goizean babes olatuak, txistu doinuz eta Artelango erraldoi eta buruhandiekin, ume eta gaztetxoen gozamenerako. Musika Plazara ailegatzean, Saharar bandera, ikurrina eta Ondarroako bandera igo dituzte, irrintzilariak lagun. Euskal Herrian bizi den saharar komunitateko emakumeek eta Ondarroako irrintzilariek lau haizetara zabaldu dute askatasun oihua, oihu askea.
12.15 aldera, ekitaldia hasi da. Fadel Ahnia Fronte Polisarioko delegatua igo da agertokira, udal ordezkariak ondoan, eta bertatik, eskerrak eman dizkio Ondarroako Udalari, eskerrak Ondarroako herriari, beti hor ondoan egoteagatik. Sentiarazten dien babesagatik. Eskerrak eman dizkio baita ere Yaalah elkarteari, Saharan abiatu eta gauzatu dituen proiektuengatik, Emakume Etxea kasu. Nazioarteko azken mugimenduak ikusita, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren aldarrikapenak lortzetik gero eta gertuago ikusten dituela adierazi du Ahniak, eta gogoratu du Saharar herria herri baketsua eta bakezalea dela, legezko bideak erabilita tinko borrokan jarraituko duen herria, kendu dietena bueltatu arte.
Bir Ganduz proiektuari esker, Saharako emakumeek Emakume Etxea daukate. Orain, etxea hornitu nahi du Yaalahk
Nerea Lorenzo Ondarroako Udal Aniztasun arduradunak hartu du hitza ondoren. Yaalahk bost urteko ibilbidean egindako lana goraipatu du, besteak beste, Oporrak bakean, janari bilketa eta Bir Ganduz proiektua. “Azken proiektu horri esker , Saharako emakumeek Emakume Etxea daukate, eta, orain, elkarteak etxea hornitu nahi du eta, horretarako, hango emakumeen iradokizunak eta beharrak aztertzen ari da”. Gaur Ondarroara etorri diren Fronte Polisarioko ordezkariei , udan Saharako umeak hartu dituzten euskal familiei eta hori dena posible egin duen Yaalah elkarteari eskerrak emanez amaitu du Lorenzok.
Paella janean batu aurretik, DJ Elepuntoren musikak girotu du eguerdi partea. Jaimaren babesean, te tailerra, jokoak eta esku apainketak egon dira aukeran, Saharar komunitateko kideen eskutik. Kontzertu akustikoak, clown ikuskizunak eta jolasek borobildu dute eguna.
Eskerrik asko, Ondarru. Yaalahko kide Josu Etxaburuk ere eskerrak eman nahi izan ditu, eskerrak ondarrutar guztiei, bost urteetan emandako babesagatik, egin dituzten kanpainetan, Oporrak Bakean egitasmoan…. “Eskerrik asko bihotzez guztioi. Guztion artean sarea osatzen goaz”, adierazi du. “Herritarrek badakite zer egiten dugun, hasieran ez da erraza izaten ezagutzera emateko prozesua, baina esan genezake lortu dugula Saharar herriak bizi duen egoera hedatzea. Udan umeak etxean hartzen dituztenak dira gure enbaxadorerik onenak, hurre-hurretik bizi dutelako hango errealitatea. Eskerrak benetan guztioi, modu batera edo bestera hor zaudetenoi”.