“Indarberrituta eta erabaki berriekin” hasi da Lekeitioko Udala
Ander Aldazabalek, herriko alkate lanak betetzeaz batera, Gernika-Lumoko Suhiltzaile parkean lanean segitzeko erabakia hartu du "hasiera-hasieratik eta udal taldearen babesagaz".
Lekeitioko San Antolin jaien ostean, ikasturte eta aro berria “gogotsu” hasi du udalak. Jakinarazi dutenez, hurrengo asteetan jarriko dituzte martxan udal batzorde desberdinak. Udal langileak ere “erritmo betean” lanean dabiltzala esan dute “herritarrei zerbitzurik onena eskaintzen”. Hain zuzen ere, joan den barikuko [irailak 15] Osoko Bilkuran onartu zuten nortzuk izango diren liberatuak. Aho batez onartu zuten EH Bildu eta EAJren bozkekin.
Ander Aldazabalek, herriko alkate lanak betetzeaz batera, Gernika-Lumoko Suhiltzaile parkean lanean segitzeko erabakia hartu du “hasiera-hasieratik eta udal taldearen babesagaz”. Udaletik esan dute bi lanak “bateragarriak” direla, orain arte baieztatu bezala: “Kontutan izan behar da, suhiltzaile moduan 5 egun izaten dituela libre eta seigarrenean laneguna. Hori horrela, Aldazabalen soldata bakarra suhiltzaile moduan egindako lanarena izango da”. Alkatea hiru batzordetako buru izango da: Hirigintza Obrak eta Iraunkortasuna; Ogasuna, kontuak eta finantzak; eta, azkenik, udal langileen kudeaketa.
Horrenbestez, Lekeitioko udalari dagozkion bi jardun osoko liberazioak hiru zinegotziren artean banatuko dira. Zuriñe Gojenola Goitia alkateordea jardun osoz arituko da lanean udalean eta Izaskun Robles Arrasate eta Ane Koskorrotza Madarieta zinegotziak jardun erdiz.
Gojenola alkateordeak %100ko liberazioa izango du eta soldata zehazteko, jatorrizko lanpostuaren soldata hartu dute oinarritzat. Ongizate eta Gizarte Politikan, eta Ekonomia eta Lurralde Garapenaz arduratuko da. Jardun erdiko liberazioa izango dute Robles Kirol Batzorde buruak eta Koskorrotza parekidetasuneko batzordeburuak. Bestetik, Ander Goikoetxea Vazquez da Euskara Batzordeko burua, Antton De La Lama Sagardia kulturakoa eta Igotz Espeja Lizarribar hezkuntzakoa.
Elkarlanean. Duela hilabete batzuk udala herriko eragileekin harremanetan jarri zen elkarlanean jarduteko “konpromisoa” hartuz. “Argi daukagu eragile desberdinek herrigintzan egiten duten ekarpenari esker, Lekeitio eta lekeitiarren bizitzak hobetzen direla, eta horretarako oso garrantzitsua da udalaren eta eragileen arteko hartu-emana”.