Nahi beste, hainbeste
2023/2024 ikasturtean AEKn izena emateko epea zabalik dago irailaren 29ra arte. Euskara ikasteko «eskaintza zabala eta ordutegi moldagarriak» eskaintzen dituzte euskaltegietan.
Euskara ikasi nahi duzu? “Euskara ikasteko ez dago AEK baino toki hoberik”. 2023/2024 ikasturterako euskara ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago irailaren 29ra arte. Era berean, berritasun modura, Facebook eta Instagram profilak sortu dituzte AEK Lea-Artibai izenagaz.
Aurtengo leloa Euskara hurbil zu urrun heltzeko da. «Guk ahalik eta hurbilen sentiaraziko ditugu ikasleak euskara ikasten daudenean, baina irakatsi nahi diegu baita ere euskarak ematen duen guztia». Hain zuzen ere, irakatsi nahi dute euskara hizkuntza soil bat baino askoz gehiago dela: «Herrigintza sare bat sortzea euskaratik, euskalgintzaren bidez, azken batean», azaldu dute. AEK-k hasiera mailatik eta C2ra arteko maila guztiak eskaintzen ditu.
Laguntzak, nahi beste. Horretarako, ordutegi «moldagarriak» dituzte, ikasleen beharrizanetara egokitutako ordutegiak. Hori gutxi ez, eta diru laguntza asko daude euskara ikasteko. Beheko mailetarako egoten dira batez ere laguntzak. «Bultzada» hori ematen saiatzen dira, lehen pausoa ematera lagundu, hain zuzen ere.
«Azkenean, denon artean lortzen dugu herri txikietan behintzat talde bat ateratzea»
Aurten, adibidez, Eusko Jaurlaritzak 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzako diru laguntza berriak kaleratu ditu. Soilik 20 euroren truke, C1ko edozein ikastarotan matrikulatzeko aukera dago, gainontzekoa Eusko Jaurlaritzak hartzen du bere gain. Hori bai, informazio zehatzagoa nahi izanez gero, Euskaltegira hurbiltzeko deia egin dute. AEK-ko ordezkariek jakitera eman dute hasieratik «harrera oso ona» izan duela, gazte asko bertaratu direla galdezka eta «gorakada handia» nabaritu dutela ikasturte berriko matrikulazioetan.
«Saiatzen gara herri handietara ez ezik, herri txikietara ere heltzen eta bertan taldeak sortzen». Edonola ere, autorik ez duenari edo hainbeste denbora ez duenari laguntzen saiatzen dira. Erraztasuna ematen diete ikasleei, eta udalek eskertu bakarrik ez, lagundu ere egiten dute diru laguntzen bidez. Hori bai, bakoitzak bere sistema du, beraz, onena udaletxera joatea eta galdetzea dela azpimarratu dute. «Azkenean, denon artean lortzen dugu herri txikietan behintzat talde bat ateratzea».
Ikasgelatik kanpo ere bai. AEKra hurbiltzen diren askok badakite euskarak gizarteratzeko atea asko zabaltzen dituela, batez ere Lea-Artibai bezalako eskualde euskaldunetan. «Baina urrun heltzeko asmo horrekin erakutsi nahi dugu herritik kanpo ere erabiltzen dela euskara eta, horrenbestez, erabilgarria dela, urrun heltzeko bide bat. Kaletik euskara entzutean, azkenean beharrizan hori sortzen da». Saiakerak berak, integratzen ahalegintzeak asko balio du, eta herritarrek asko eskertzen dute.
Bestelako izen emateetan ere gorakada sumatu dute, funtzionarioen artean, askok euskara ikasketak beharrezkoak baitituzte. «Titulua lortzetik haratago eraman nahi ditugu». Hauentzako ere talde espezifikoak sortzen saiatzen dira, gehiago azterketara begira.
«Bilatzen duguna da ikasleen harremana ez geratzea bakarrik ikasgelan, gelatik haratago joatea».
Hala ere, eskualdean «aurrez aurrekoaren alde» egin behar dela uste dute, betiere «ordutegiak bat etorriz gero». Eskolak ez dira bakarrik titulu bat lortzeko bidea, hortik kanpo harremanak ere sortzen dira, sareak sortzen dira. «Etxetik aritzea ere mesedegarria da, edozerk laguntzen du». Aurrez aurrekoa «praktikoena» dela diote, eta autoikaskuntza beti aukera bat bada ere, beti da zailagoa, batez ere hizkuntzei dagokienean. Hizkuntza bat hobeto garatzeko, gainera, garrantzitsua da besteekin hitz egitea. Horretarako, klase dinamikoak bilatzen dituzte, haien kulturarekin nola edo hala loturak egiten dituzte. «Ikasketa klasikotik aparte, beste zerbait irakatsi nahi dugu, harremanak sortu eta kalera hurbildu». Iaz, adibidez, inauterietan tostada tailerra egin zuten, edota Euskararen Egunean, talo tailer bat. Hori gutxi ez, eta 2024an Korrika ere badator.
Horrez gain, aurten, urte askoren ostean, udako ikastaro trinkoa atera dute Markina-Xemeinen. Zazpi pertsonak izena eman zuten, eta udako oporretan egunean lau orduz aritu ziren, hogei egunetan. «Asko esan nahi du, ikasteko gogoa erakusten du, txalotzekoa da». Hori bakarrik ez, jarraipena eman diote hasitako bideari, ikasturte osorako izena emanez.