Xuban Muniozguren: "Korrika egitera ateratzen naiz, eta sentsazioen arabera aritzen naiz"
Markina-xemeindarrak Urdaibai Kopako gazte onenaren saria irabazi du, bost probetan 23 urte azpikoetako arinena izanda. Munduko Sokatira Txapelketan egon da, Suitzan.
Zelan hasi zinen lasterketetan parte hartzen?
Txikitan atletismoan aritu nintzen urte batzuk, gero futbolera pasatu nintzen lagunekin ibiltzeko eta, azkenean, sokatirara heldu nintzen. Sei urte daramatzat sokatiran, eta pisuan sartzeko, ostera ere korrika egiten hasi nintzen kiloak galtzeko. Lasterketetan izena ematen hasi nintzen, ondo nenbilen, gustatzen zitzaidan korrika egitea, mendian batez ere, eta gero eta gehiagotan parte hartu nuen. Gustatu zitzaidan, eta segi eta segi, orain arte.
Zelan moldatzen zara biak uztartzeko?
Egia esan, ez dut entrenamendu espezifiko askorik egiten lasterketarako. Korrika egitera ateratzen naiz, eta sentsazioen arabera aritzen naiz. Ez ditut serieak eta horrelakoak egiten, menditik buelta bat ematen dut hankak gogortzeko eta arnasa kontrolatzeko. Sokatiran, adibidez, oso desberdina da: tirada motzak dira, baina lau minutuetara luzatzen direnean arnas luzea izatea ondo dator. Era berean, bi kirolak egiterakoan, arazo muskularrak izan nituen hanketan, eta esan didate bi kirolak ez direla bateragarriak, sokatira estatikoagoa delako eta bestea mugimenduan. Horregatik, 15 kilometrotik aurrera gehiago sufritzen dut lasterketetan.
Urdaibai Kopan gazterik onenaren saria jaso duzu.
Iaz debutatu nuen Urdaibai Kopan Nabarnizko proban, Kopako hirugarrenean, eta bi egun lehenago, beste lasterketa bat eginda, bederatzigarren amaitu nuen. Araudia irakurrita konturatu nintzen 23 urtez azpiko onenarentzako saria zegoela. Gautegiz Arteagan laugarrena izan nintzen, inork ez ninduen ezagutzen, nik ere ez nuen espero emaitza hori lortzea. Izen handiak utzi nituen atzetik, eta baten batek zein nintzen ere galdetu zidan. Gazteen saria irabaztetik sei puntura bakarrik geratu nintzen, proba gutxiagotan parte hartu arren. 45. postu bategaz nahikoa izango nuen. Aurten 23 urtez azpikoetakoa irabaztea baino, orokorrean aurrean egon nahi nuen, lehen hamarren artean, hori zen helburua. Gero, bestea etorriz gero, ongi etorria izango zen.
“Egia esan, ez dut entrenamendu espezifikorik egiten lasterketetarako”
Noizbait aukeratu beharko duzu.
Sokatiran, Mutrikuko taldean nago, baina korritzeko ez dut talderik. Mutrikun, gainera, lagunartean nago, eta korrika bakartiagoa da. Hala eta guztiz ere, burutik pasatzen zaidan ideia bat da, egia esan. Leku bat utzi, bestean egon eta bertan ondo ibili. Biak ezinezkoak dira. Baina orain ere lanagaz gaitz daukat sokatirako entrenamenduetarako, beraz, aldagai asko daude. Biekin jarraituko dut ahal dudanera arte.
Zelan ikusi duzu Urdaibai Kopa?
Lehenengo lasterketara ia bi hilabete lehiatu barik aurkeztu nintzen. Proba askotan gertatu zitzaidan 15. kilometrora arte ondo nengoela, baina gero behera egiten nuen. EreƱon, adibidez, min hartu nuen, eta hilabete egon nintzen gihar arazoekin. Sendatu eta berehala, Gernika-Lumoko lasterketa izan zen, minekin amaitu nuen. Banekien bost probetatik lau onenak hartzen zirela kontuan, baina aurreko urtetik ikasi nuen, eta proba bat galtzea asko da. Hala ere, zortzigarren amaitu nuen. Bost probetan izan naiz 23 urtez azpikoetan azkarrena. Nabarnizen lortu nuen nire emaitzarik onena, podiumetik lau segundora amaitu nuen. Ilusioa neukan hiru onenen artean sartzeko, pena izan zen. Gautegiz Arteagako azken probara nekatuta iritsi nintzen Suitzan Munduko Sokatira Txapelketan egon nintzelako. Lanak izan zituen helmugara iristeko, burutik pasa zitzaidan uztea ere, baina, sufrituta, zazpigarren amaitu nuen. Iaz baino 700 metro laburragoa zen ibilbidea, bero handia egin zuen, eta marka onenetik bi minutura geratu zen irabazlea. Gogortasunaren seinale argia da.
Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Orain hasiko da niretzako benetako denboraldia. Sokatira amaitzen da, beraz, lasterketak gehiago eta hobeto landu ahal ditut. Aulestiko Santa Eufemin aurrean egon nahi dut, etxe alboan delako. Gero etorriko dira Markina-Xemeingo Txara Traila, eta Anbotoko kilometroko igoera bertikalean ere parte hartu nahi dut. Jarraian dira, beraz, ea zelan erantzuten duten hankek.
“Suitzan maila oso altua izan da, tiratzailerik onenak egon dira”
Sokatiran, zelan Suitzako Munduko Txapelketan?
Oso ondo, espero baino hobeto. Euskal Herrian tiratu duguna baino hobeto tiratu dugu bertan. Aurrez aurre lehiatu dugu talde onenen aurka, inork espero ez zuena lortu dugu. Euskal Herriko partaideek dominak lortuta, oso pozik. Gu ez ginen Luzernan bertan egon lo egiten, Surseen egon ginen, lehiatzen zen herritik 20 minutura autobusez. Goizetik joaten ginen bertara, eta material dena prestatu eta gero lehiatzen genuen. Bazkaldu ere bertan egiten genuen, eta iluntzerako itzultzen ginen hotelera, egun osoa geunden bertan.
Zelako maila aurkitu duzue?
Maila oso altua izan da, tiratzailerik onenak egon dira. Antolakuntzak ere lan ikaragarria egin du, nik sei urtean ikusi dudan onena, ikuskizun hutsa zen. Eguraldi ona izan genuen, lurra labainkorra zen zuloak egin arte eta, gero, hobeto moldatu ginen. Zale asko egon ziren, zintzarriekin zarata asko egiten zuten, eta azken zeremonia ere ederra izan zen. Suitzarrek irabazi zuten azken proba, eta goitik ospatu zuten. Ikusgarria izan zen.
Estiloak desberdinak dira?
Euskal Herrian tiraldiak luzatzeko ohitura dago, nork gehiago aguantatzen den neurtzen da. Eta Munduko Txapelketan, berriz, indar gehiago erabiltzen dute, kolpea ematen dute, zulotik atera, behin irtenda oso zaila da tiratzea. Horregatik, ez dira tiraldi luzeak izaten minutu batekoak gutxi gorabehera, eta hemengoak lau edo bost minutu luzatu daitezke.