Jende asko bertaratu da Aulestiko Santa Eufemi jaietara
Domekan [irailak 24] Julen Aranguenak 10. aldiz irabazi zuen 42. ermitara igoera. Udaletik jaietako balorazio “oso positiboa” egin dute.
Amaitu dira Aulestiko Santa Eufemi jaiak, baina zelan amaitu ere, gogotik gozatu dute aulestiarrek bakarrik ez eta inguruko herritarrek ere. Atzo [irailak 24] asko izan ziren eguraldi ona lagun ermitara arte hurbildu zirenak domeka pasatzera. Ez zegoen plan hoberik.
42. ermitara igoerak ere jende asko erakartzen du, eta ikuskizunak ez zuen hutsik egin. 45 korrikalarik eman zuten izena, 33 gizonek eta 12 emakumek. Aipatzekoa emakumeen parte hartzea, iaz bakarrik hiruk eman baitzuten izena. Hain zuzen ere, nesketan onena Alluitz de Bilbao kortezubitarra izan zen 5 minutu eta 49 segundoko denboragaz, bost eta bederatzi segundora iritsi ziren, urrenez urren, Izaro Aranburu eta Lisa Kranz aulestiarrak. Aranburuk aulestiar onenaren saria jaso zuen. Gizonezkoetan 10. aldiz jantzi zuen txapela Julen Aranguena kortezubitarrak 4 minutu eta 12 segundoko denboragaz. Hurbil geratu zen, bi segundora bakarrik, Imanol Goñi natxituarra eta hirugarren izan zen zazpi segundora Gaizka Ansola markina-xemeindarra. Aulestiarrik azkarrena Igor Urionabarrenetxea izan zen 5 minutu eta 4 segundoko denboragaz.
Irrintzi lehiaketari dagokionez, txapelak pilatzen zaizkion beste batek irabazi zuen: Bakarne Oñederrak. Bigarren Lorea Zarragoikoetxea aulestiarra izan zen eta hirugarren Ainara Ituiño herrikidea ere. Hamar emakumek eman zuten izena. Arratsaldean ere jendea bertaratu zen Olaia Inziarteren kontzertuaz gozatzera. Ordubeteko emanaldia eskaini zuen, eta iaz Garik baino jende pixkat gutxiago elkartu, herritarrek gozatua hartu zuten bere melodiekin. Musika, berriz, batez ere joan den barikuan [irailak 22] izan zen protagonista Aulestin. Hilbera talde markina-xemeindarrak eta Oxabi erromeriak gaueko ordu txikietara arte luzatu zuten jai giroa.
Positiboa. Aulestiko Udaletik, Eli Azpiazu eta Ainara Aranburu kultur zinegotziek jaietako balorazio “oso positiboa” egin dute. “Santa Eufemi Eguna jende aldetik aulestiarren eguna izaten da, betiko jendea elkartzen da, herrikoa, eta aurten zapatua izan arren, ez da jende gehiegi etorri herrira. Kontzertuen barikua izan da egun bakarra eguraldiak gehiegi lagundu ez gaituena. Domekan, berriz, jende asko hurbildu zen, eguraldi ona izan genuen. Hori bai, aurreko egunetako euriak eragindako basatzagatik ezin izan genuen Olaia Inziarteren kontzertu ondoan txosnarik jarri”.