Lea-Artibai Klasikoagaz “asebeteta” geratu da Lekeitialde-Silloniz txirrindulari elkartea
Domekan [irailak 24] eskualdeko errepideak zeharkatu zituzten 150 parte hartzaile baino gehiagok elkartearen 50. urteurrena ospatzeko.
“Pozarren” amaitu zuten atzo [irailak 24] Lekeitialde-Silloniz txirrindulari elkarteko kideek, “ez dago 50 urte ospatzeko baino modu hoberik”. Akaso, berdina pentsatu zuten gainontzeko kolaboratzaileek, txirrindulariek eta parte hartzaileek ere. Erabateko festa izan zen. Gainera, eguraldia lagun izan zuten giro epel eta eguzkitsuaz.
159 txirrindularik eman zuten izena Lea-Artibai Klasikorako, 70 inguruk parte hartu zuten ibilbide laburrean eta gainontzekoek luzean. Besteak beste, tropel buruan Ander Okamika Burgos BH taldeko lekeitiarra edota Amets Txurruka txirrindulari ohia aritu ziren. Eguraldia lagun izan zuten goizetik, eta parte hartzailek “oso pozik” amaitu zutela esan dute antolatzaileek. Gainera, ibilbide amaieran eskualdeko produktuekin egindako 24 otzara zozkatu zituzten, eta zelan ez, zortea alde izan zutenak are eta pozago hartu zuten etxerako bidea.
Baina Lekeitialde-Silloniz elkartearen 50. urteurrena ospatzeko askoz gehiago zuten prest. Bizikleta gainean hainbeste kilometro egiteko prest ez zeudenak plazan elkartu ziren, eta Santa Katalinarainoko bidea egin zuten ibiltzen, 50 herritar inguru elkartu ziren azkenean: “Espero baino jende gehiago elkartu ginen, nagusiak bakarrik ez, baita umeak ere, adin guztietako herritarrak”. Klasikako ibilbide laburreko parte hartzaileak amaieran ere batu ziren eta batera heldu ziren Lekeitioko plazara.
Nahikoa ez eta bazkarian elkartu ziren parte hartzaileetako asko. 94 pertsona jarri ziren mahaiaren inguruan azken urteetako kontakizunak, bakoitzak bere ikuspuntutik, kontatzera. Bertan elkarteko sortzaileez gain, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko kideak edota udalekoak ere parte hartu zuten.
Argazki bidez. Hain zuzen ere, kontakizunez kontakizunbakarrik ez, Lekeitialde-Silloniz elkarteak argazki bidez ere errepasatu ditu azken 50 urteetako uneak. Kultur Etxeko erakusketa “erabateko arrakasta” izan dela nabarmendu dute: “Herritar asko izan dira haien istorioak kontatzera hurbildu direnak, edota gazteagoak haien lagun edo familiako kideek egindakoak egin zituztenak”. Patxi Gabika lekeitiarrak 1966an Espainiako Vuelta irabazi zuen bizikleta erakutsi zuten eta guzti.
Lekeitioko txirrindulari elkarteak bakarrik ez, Berriatukoak eta Markina-Xemeingoak ere parte hartu dute antolaketan eta denek bat egin dute parte hartzaile eta kolaboratzaile guztiei eskerrak ematerakoan. “Asebeteta geratu gara egunagaz, oso pozik gaude eta oso eskertuta jendearen erantzunagaz”. Horrez gain, antolatzaileek esker bereziak eman nahi izan dizkiote Pedro Lariozgoitiari, Amets Txurrukari eta Ander Okamikari haien parte hartzeagatik.