Ager Solabarrietak eta Maite Badiolak bigarren urtez jarraian jantzi dute urrezko domina Munduko Txapelketan
Joan den barikuan [irailak 22] eta astelehenean [irailak 25] Liman (Peru) lehiatutako bi probetan izan dira txapelduna. Hori gutxi ez, eta munduko errekorra hautsi dute.
“Ez naiz nigan sartzen”. Ez da gutxiagorako. Ager Solabarrieta eta Maite Badiola bigarren urtez jarraian lortu dute urrezko domina Munduko Tiro Txapelketan. Liman (Peru) jaun eta jabe izan dira ondarrutarrak. Joan den barikuan [irailak 22] eta astelehenean [irailak 25] lehiatutako bi probetan izan dira onenak, hamar metroko distantzian etzanda zein zutik.
Horrenbestez, Solabarrietak eta Badiolak duela urtebete Arabiar Emireri Batuetan lortutako urrezko domina errepikatu dute. “Iaz lehen aldiz munduko txapeldun izatea ikaragarria izan zen, beraz bigarren aldiz, eta jarraian, lortzea itzela da”, azaldu du Solabarrietak. Hori gutxi ez, eta ondarrutarrek munduko errekorra hautsi dute. “Munduko Txapelketa ezin izan da borobilagoa izan, ezin dut ezta azaldu ere egin, ez dakit zer esan”.
Jaun eta jabe. Atzo [irailak 25] zutikako proba lehiatu zuten, sailkatze txanda argi utzi zuten ondarrutarrek haien hautagaitza eta lehen postua eskuratu zuten. Final handian faboritismo hori berretsi besterik ez zuten egin eta nagusitasunez jantzi zuten urrezko domina. Solabarrietak eta Badiolak 214,1 puntugaz lortu zuten lehen postua, bigarren Barbara Moskal poloniarra izan zen 211 puntugaz eta hirugarren Fran Skracic kroaziarra 189,6 puntugaz.
“Maite gabe ez nintzen hemen egongo, ikaragarri pozten nau batera lortu izanak”
Barikuan [irailak 22] Solabarrietak eta Badiolak urrezko domina jantzi zuten etzandako 10 metroko tiroan. Ondarrutarrak sailkatze txanda erakutsitako nagusitasuna berretsi zuen final handian eta ez zuen aurkaririk izan. 621 puntugaz aurreko txandako bere marka pertsonala (620,9) hobetu zuen eta guzti. Bigarren Fran Skracic kroaziarra izan zen eta hirugarren Katarzyna Orzechowska poloniarra izan zen.
“Urte guztiko lan gogorraren fruituak besterik ez ditugu jaso. Limara gauza handiak egiteko esperantzagaz etorri gara, baina ez genuen pentsatzen hainbesterako izango zenik: bi urrezko domina eta munduko errekorra”. Hain zuzen ere, Solabarrietak Badiola bere emazteari eskaini nahi izan dio garaipena: “Maite gabe ez nintzen hemen egongo, ikaragarri pozten nau batera lortu izanak”.