Ziortza-Bolibarko Udalak zuhaitz autoktonoak jartzeko ordenantza jarri nahi du martxan
Eguenean [irailak 28] 18:00etan Jon Arriola Berriatuko alkate ohiak berriatuarren esperientzien berri emango du.
Ziortza-Bolibarko Udalak zuhaitz eta landare autoktonoak landatu nahi ditu herriko lurretan. Horretarako, ordenantza berri bat onartzeko prozesua hasi dute. “Baso jabeak zuhaitz autoktonoak landatzera animatzeko diru laguntzak emateko da”, azaldu dute. Prozesua “parte hartzailea” izatea nahi dute. Eguenean [irailak 28], adibidez, hitzaldia antolatu dute 18:00etan udal aretoan. Bertan, Jon Arriola Berriatuko alkate ohiak berriatuarrek bizitako prozesuaren berri emango du. Hain zuzen ere, Berriatuko ordenantza “erreferentzia” bezala erabiliko dute. Udaletik herritarrak parte hartzera animatu dituzte: “herritarren iritziak jasoko dira ordenantzan jarri ahal izateko”.
Udalak etorkizuneko eta gaur egungo krisi ekologiko eta klima aldaketari aurre hartu nahi dio. Herriko lurrak prest egotea “beharrezkoa” dela uste dute. Hain zuzen ere, lurraren kalitatea “ahalik eta onena” izateko aurrerapausoak ematen ari dira. “Ura ondo gordeko duen lurra behar dugu. Euria egiten duenean, ur hori hobekien gordeko duen lurra behar dugu”.
Horretarako, herriko lurrak landare era zuhaitz autoktonoz bete nahi dituzte: “Horrela, euri ur horiek denbora gehiago egingo dute herriko lurretan itsasoratu orduko”. Era berean, etorkizuneko lehorteei “hobeto erantzuteko” gaitasuna emango diela esan dute: “Lurrak ura luzaroan gordetzeko gaitasuna badu, lehorteetan erreken ur emariak ugariagoak izango dira”.
Uholdeak saihesten ere lagunduko lukete, “gure lurretan basoetako landarediak eutsiko lioke”. Horrez gain, Lea-Artibaiko itsasora bidean dauden beste herri batzuetako uholdeak “hain gogorrak” ez izatera ekiditen lagunduko luke, adibidez, Markina-Xemeinen, Berriatuan edota Ondarroan.