Berritasunekin datoz Arretxinagako San Migel jaiak
Barikuan [irailak 29] hasi eta domekara arte [urriak 1] luzatuko dira Xemeinen. Aldaketa txikiak egin dituzte egitarauan. Txandak osatzeko laguntza eskatu dute.
Arretxinagako San Migel jaiak Markina-Xemeingo jai nagusietakoak dira. Hiru egunez, barikutik [irailak 29] domekara [urriak 1], Xemein jendez gainezka jartzen da, ez bakarrik herritarrez baita inguruko herrietako bizilagunez ere. Hain zuzen ere, Arrexe Kultura Batzordeak zenbait moldaketa egin ditu jai giroaren mesederako.
San Migel Eguna [irailak 29] tradizioen eguna da Arretxinagako jaietan, gehien bat nagusiei bideratutako eguna da. Mezaren ostean, Zerutxu Dantza Taldeak Xemeingo Ezpata Dantza eta Aurreskua dantzatuko dute. Iaz lehen aldiz emakumeek parte hartu zuten Ezpata Dantzan eta Mahai Gainekoan, eta aurten ere protagonista izango dira. Ondoren Pantxo Balbuena mariatxiak girotuko du eguerdia. Arratsaldean ere tradizioak hartuko du jai gunea. Mutriku Sokatira Taldeak Iparraldeko jokoak erakutsiko ditu. Ostean, iaz “giro itzela” sortu zuen Kittu taldeak girotuko dute iluntzea. Gauean, berriz, Puro Relajo igoko da oholtzara. 2019an egon zen taldea azken aldiz Xemeinen, eta jendez gainezka egon zen plaza, beraz, aurten eguerdian ordez gauera aldatu dute haien kontzertua: “Herritar askok eskatu diguten taldea da, ikuskizun ederra ematen dute, eta orain nonahi daude”. Beste urte batez, gauerdian, Mahai Gainekoa dantzatuko du Zerutxuk.
Azken urteetan Arretxinagako jaietako kontzertuak barikuetan izan ohi dira, aurten, berriz, zapatuan [irailak 30] izango dira. Tradizioari eta bertako herritarrei eman nahi izan diete erabateko protagonismoa jai egunean. Gainera, aspaldiko borroka luzearen ostean, karpa erraldoia jarri dute Arretxinagan, plaza guztia betetzen duena. Nahiz eta dirudienez eguraldia lagun izan, aurrerapauso nabarmena dela diote antolatzaileek. Zapatuan [irailak 30] herrian “aspaldi” ematen ez zen txotxongilo bertsolariak ariko dira, ikuskizun “oso polita” ematen dutela esan dute. Ostean, Sustraiak Naturak taldeak gaztetxoentzako jolasak eskainiko ditu. Aurreratu dute jolas batzuk errekan egin nahi dituztela. Gauean, dezibelek hartuko dute Arretxinaga. Modus Operandi taldeak eta Gora Herria erromeriak girotuko dute gaua. DJ Ztart gazte lekeitiarrak luzatuko du jai giroa ordu txikietara arte.
Domekan [urriak 1], Aringa-Aringa MX taldeak bigarren urtez antolatuta Txara Trail eta Martxa egingo dira. Gaur arte [irailak 27] 130 parte hartzailek eman dute izena. Aurten ibilbideak aldatu eta luzatu dituzte. Ibilbide luzea 21,5 kilometrokoa eta 1.310 metroko desnibelekoa eta laburra 14,7 kilometro luzerakoa eta 800 metroko desnibelekoa. Oraindik izena emateko aukera dago, barikua [irailak 29] da azken eguna, egunean bertan ezingo delako izenik eman. Horrez gain, iaz probatu ostean, aurten streaming bidez emango dute lasterketa Twitch plataforma bidez.
Beste egiteko nagusia XIII. Tortilla Txapelketa izango da. Ohi bezala, parte hartzaileek etxetik eginda eroan beharko dituzte tortillak 11:30ak baino lehen. Irabazleak Hemen Be Bai merkatari elkartearen dendetan 75 euro gastatzeko bonu bat irabaziko du. Hori bai, parte hartzaile guztiek jasoko dute saria. Arratsalderako egitarauko ekimen “handienetako bat” antolatu dute: Ez da kasualitatea bertso saioa. Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendi herrikideak igoko dira oholtzara Oihana Iguaran eta Uxue Alberdigaz batera. Gai jartzailea, Maite Berriozabal izango da, eta musikariak, Gari Otamendi eta Ixak Arruti. Badira urte batzukhalakorik egiten ez zutena, eta berreskuratu egin nahi izan dute. Jon Plazaolaren Tutum Platz antzezlanagaz agurtuko dituzte jaiak.
“Ahalegin itzela egiten dugu denok eta eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzaile guztiei, baina gehiago behar dugu”
Laguntza. Arretxinagako San Migel jaiak urte askotan ospatu gabe egon ziren, eta 48. urtea da berreskuratu zirenetik. Hain zuzen ere, Arrexe Kultura Batzordeak begiz jota du 2025eko 50. urteurrena. Horretako, herritarren “laguntza gehiago” behar dutela esan dute. “Ahalegin itzela egiten dugu denok, eta eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzaile guztiei, baina gehiago behar ditugu”. Martxoan jasi ziren jaiak antolatzen, inolako arazo barik “ohiko martxan”, baina azken asteetan txosnako txandak osatzeko arazoekin dabiltza. “Azken 30-40 urteetan lanean aritu diren batzuek ez dute jarraituko, eta erreleboa behar dugu, azken egunetan estu eta larri gaude, txandetarako batez ere”. Argi utzi dute jai batzordea “zabalik” dagoela eta laguntzeko deia egin dute.
Egitaraua:
Irailak 29, San Migel Eguna
- 11:00. Meza nagusia, Arretxinagako baselizan.
- Jarraian. Zerutxu dantza taldeak Xemeingo Ezpata Dantza eta Aurreskua dantzatuko ditu.
- Eguerdian. Pantxo Balbuena mariatxia.
- 17:30. Iparraldeko jokoak Mutrikuko sokatira taldearen eskutik.
- Ostean. Umeentzako herri kirolak, nagusi baten laguntzagaz.
- 19:30. Kittu kaleko musikagaz girotuko dogu iluntzea.
- 22:00. Puro Relajo taldearen kontzertua.
- 00:00. Zerutxu Dantza Taldeak Mahai Gainekoa dantzatuko du.
Irailak 30, zapatua
- 17:30. Txotxongilo bertsolariak umeentzat.
- 18:30. Sustraiak Naturak antolatutako jolasak gaztetxoentzat.
- 22:00. Kontzertuak: Modus Operandi eta Gora Herria.
- Ostean. DJ Ztart.
Urriak 1, domeka
- Goizean. Aringa-Aringa MX taldeak antolatutako II. Txara trail eta martxa mendi lasterketak.
- 11:00. Barroetako futbol zelaian beteranoen futbol partida: Artibai eta Zaldua.
- 11:30. XIII. tortilla txapelketarako entrega.
- Eguerdian. Kantaldia, Gauargi taldeak eskainita.
- 18:00. Ez da kasualitatea bertso saioa. Partaideak: Nerea Ibarzabal, Josune Aramendi, Oihana Iguaran eta Uxue Alberdi. Gai jartzailea, Maite Berriozabal. Musikariak Gari Otamendi eta Ixak Arruti.
- 20:30. Jon Plazaolak jokatutako Tutum Platz antzezlana.