84 postu izango ditu Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiak
Gaur [irailak 28] egin dute 39. azokaren aurkezpena, Gizaburuagan. Urriaren 14an ospatuko dute Markina-Xemeinen.
Berritasunekin dator Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia. Iaz baino postu gehiago izango ditu, 84 guztira. Gaur [irailak 28] Gizaburuagan egindako agerraldian Amaia Zabala herriko alkateak, Josu Ogiza Landa Garapeneko presidenteak, Ander Arando Blonda Elkarteko ordezkariak eta Angel Arriola Blonda ekoizleak hartu dute hitza. Horrez gain, eskualdeko udaletako alkateak ere bertan izan dira.
Azokan Markina-Xemein, Etxebarria, Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarko Udalez gain, Mallabikoak ere parte hartzen du. Hain zuzen ere, argi utzi dute azokaren izaera “handia” dela: “Ez da bakarrik Markina-Xemeingo azoka, eskualdekoa da, eta nagusia gainera”. Zabalak nabarmendu du eskualdean lehen sektoreak duen garrantzia: “Ezinbestekoa da guztiontzat. Sektore honek egiten dituen ekarpenak neurrigabeak dira kalitatezko produktuz hornitzen gaituztelako eta gure ingurua zaintzen duelako, beste gauza askoren artean. Momentu larriak pasatzen daude, energia edota pentsuaren prezioa asko igo dira, oztopo asko gainditu behar dituzte”.
Lehen sektoreak “aitortza” merezi duela esan du eta eragileen lanari “balioa” eman: “Gure ahalmenen neurrian lehen sektorea bizirik eta osasuntsu mantentzeko”. Ogizak bide beretik jo du eta azokak “lagungarriak” direla adierazi du. “Gure lana lehen sektorearen gaitasunak, erronkak eta beharrak ezagutzea da, gero landa eremuari behar bezala laguntzeko. Horretarako, Hemen Bertakoa proiektuak sekulako babesa ematen digu eta Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia beste zutabe garrantzitsu bat da”.
Beste urtez batez eskualdeko produktuen, ekoizleen, abeltzainen eta gastronomiaren “erakusleiho onena” izango da azoka. Horrez gain, baserriko produktuak dastatu eta erosteko aukera egongo da. Artisau-produktuak eta nekazaritzako tresnak ere egongo dira erakusgai eta salgai. Parte hartzaileek bertarako deia egin dute “giro atsegin eta herrikoian gozatzeko gunea” izango delako azoka.
“Hamen Bertokoa osatzen duten ekoizleen produktuekin hainbat pintxo egingo ditu hurbiltzen direnen gozamenerako eta saltzen jarriko dira”
Pasa den urtean, 36 sortzailek parte hartu zuten eta aurten 40 izango dira: zazpi edo esnekiekin gaztagile, sei ortulari eta frutazain, gilden ekoizle bat, hiru okin, hiru gozogile, lau ahateki-ekoizle, hiru eztigile, hiru txerriki ekoizle, bi txahal haragi ekoizle, hiru sagardogile, bi txakolin ekoizle, errioxar jatorri izendapeneko ardogile bat, pasta ekoizle artisau bat eta hiru mermelada eta barazki kontserben ekoizle. Horrez gain abereen erakusketa ere egongo da, behei eta idien 19 abeltzain, zaldien bederatzi eta ardien beste hamar. Hori gutxi ez, eta 30 artisau, bi baserriko tresna saltzaile eta Izarbidean elkarteak ere postua jarriko du.
Azoka 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik. 11:30ean herriko trikitilariek girotuko dute Zelai ingurua. Ordu berean hasiko da aurtengo berritasun nagusia. Zigor Iturrieta sukaldari eta telebista aurkezleak showcooking saio bat gidatuko du. “Hamen Bertokoa osatzen duten ekoizleen produktuekin hainbat pintxo egingo ditu hurbiltzen direnen gozamenerako eta saltzen jarriko dira”. Gainera, bai pintxo horiek bai Zelaiko postuetako edariak zein pintxoak merkeago erosi ahalko dira kontsignan salduko diren bonu batzuen bidez. 12:00etan Garazi Navarro amorotoarrak eta Alexander Idoate bertsolariek abestuko dute. 12:0ean etxeko txikienei zuzendutako familientzako herri kirol parte hartzaileak egingo dituzte.
Hain zuzen ere, beste urte batez, bertaratzen direnen erosotasunerako, kontsigna zerbitzua eskuragarri egongo da. Horrela, erosketak egin ondoren, azokaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, erosketez arduratu gabe. Tiketak jarriko dituzte salgai bertan showcooking saioko pintxoak eta Hamen Bertokoak osatzen duten ekoizleen postuetako edariak eta pintxoak merkeago eros ahal izateko. 5 eurogatik lau tiket salduko dituzte beste horrenbeste edari eta pintxo hartzeko. Tiketak hartzen dituztenen artean 14:30ean Hamen Bertoko ekoizleen produktuen bi otzara zozketatuko dituzte. Aldi berean, ekoizle eta posturik onenaren sari banaketa egingo dute, 200 euro irabaziko ditu garaile bakoitzak. Markina-Xemeingo Udalak egun osora luzatu nahi du. Azokaren itxieraren ostean, 17:00etan artzain txakur lehiaketa egongo da eta 19:00etan Kittu taldeak girotuko du iluntzea.
Berezia. Urriko Azoka Nagusian jokatuko da Euskadiko 26. Blonda Txapelketa. Arandok eta Arriolak esan dute txapelketa “erreferentea” dela eta jende gehiago erakartzea espero dutela. “Lehen sektorea indartzea garrantzitsua da ikusita zer egoeretan dagoen ikusita”. Blonda haragitarako behi arraza bat da eta Euskadin 1.000 buru daude 38 ustiategitan banatuta, gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan. “Errendimendu ona duten animaliak dira, errentagarriak dira” azaldu dute.
Hamabi sekzio egongo dira, adina egoera fisiologikoaren eta sexuaren arabera banatuta, epaileek atal bakoitza epaituko du. Guztira 70 bat behi egongo dira, sei ustiategik parte hartuko dute: Arriola eta Iturbe bizkaitarrak eta Gipuzkoatik beste lau. Hainbat sari banatuko dituzte. Sail bakoitzeko sari bat banatuko da eta ondoren txapelketako sari nagusiak. Honakoak izango dira: ukuilurik onena, bigarik onena, hazitik sortutako bigarik onena eta haragitarako bigarik onena.