Mario Zatika
Mario Zatika 1958an joan zen Ispasterretik Australiara, eta sei urte egin zituen bertan.
Mario Zatika 1930eko urriaren 21ean jaio zen Ispasterren. 1958an Australiara joan zen Eusebio Arrizubietagaz batera. «Bi urte lehenago joatekoa izan nintzen, baina bertan behera geratu zen bidaia. Beharrean nengoen hemen, eta etxean aita ez zegoen konforme-konforme, baina joan egin nintzen», gogoratu du Zatikak. «Gainera, emaztegaia ere banuen, eta hemen geratu zen. Hura ere pozik ez, baina. Kartaz komunikatzen ginen», azaldu du hunkituta.
Maleta bi eraman zituen eta diru apur bat. «Dena alferrikoa. Hemengo arropak ez du han balio, beroa, klima diferentea. Bertan erosi nituen. Han geratu ziren maleta barruan besteak», gomutatzen da.
Tomas Ibañezek ordaindu zion pasajea. Autobusean joan zen Hendaiara eta, handik, trenean, Genobara. «Han astebete egin genuen. Victor Itza Amorotokoa eta beste batzuk ere joan ziren nigaz». Genoban Flota Lauro izeneko itsasontzian abiatu zen Australiara. Melbournen Ibañez zeukan itxaroten, eta In-ghamera joan ziren. Kaina ebate sasoira arte Ibañezen farman jardun zuen lanean. «Tomasek esaten zidan zein behar egin. Plantazioan ere ibili nintzen». Bi urte egin zituen kaina ebaten. Pedro Korta eta Miguel Mendazona gogoratzen ditu. «Catanio izan zen ugazaba. Eta kanpetxean Eufemia Erkiaga, Miguelen emaztea zen sukaldaria», dio irribarretsu.
Lan gogorra zen kaina ebatea, kaina erre pare bat egunerako, goizean moztu, kanpetxean bazkaritxoa jan eta atseden hartu, eta arratsaldean lepoz kargatzen zuten. Izerdi patsetan. «Izerdi asko botatzen genuen, eta gatz pastilak hartzen genituen».
«Ni ondo egon nintzen Australian; leku ona da bizitzeko»
Kaina soloan sugeak egoten ziren, gehienak erreta; kanpetxean ere aurkitu zituen inoiz. «Behin ha zelako sustoa eroan nuen. Kanpetxean geunden, eta Eugenio Kortak esan zidan: «Mario! Mario! Etorri hona! Joan nintzen, eta Dios! hura zen sugea hura. Beldurra! Berak hil zuen. Uralitan eta egoten ziren» dio barreka.
Kaina sasoia amaituta, Zatika fruta batzera joan zen: «Fruta batzen ibili nintzen hurrengo kaina ebatera arte, mahatsa eta… Griffithera joan nintzen».
Bi urtean kaina eta fruta batzen ibili eta gero, beste lau urte basoan egin zituen lanean egurra mozten. «Egun batean egunkarian irakurri genuen urte osoko lana zegoela basoan beharrean, eta pentsatu eta berehala, hegazkina hartu eta bost lagun Victoriara joan ginen. Ondo ordaintzen zuten».
Zapatuetan eta jai egunetan, hoteletara, zinemara eta Trebonnera joaten zirela kontatzen du, eta apustu ugari egoten zirela euskaldunen artean. «Inghamera Ayrkoak etortzen zirenean, han izaten ziren izatekoak, batak baietz altxatu harria, besteak ezetz… halako girorik… dirua… apustuak».
Sei urte egin zituen Australian, basoko tresnak eta motorra saldu eta Lekeitiora bueltatu zen. «San Pedro egunean heldu nintzen, ondo gogoan dut. Ni ondo egon nintzen Australian. Leku ona da bizitzeko».
Heldu eta denborara ezkondu egin zen; emaztegaiak sei urte luze itxaron zion.
Lekeition bizi da.