Herri kirolak izan dira protagonista Mutrikuko San Jeronimo jaietan
Gaur [irailak 30] jendetza elkartu da Mijoa auzoan eguraldia ona lagun.
Hasi dira Mutrikuko San Jeronimo jaiak, eta zelan hasi ere. Egun bakarrekoak bai, baina gogotik gozatzekoak. Gaur [irailak 30] txupinazoarekin eman diete hasiera jaiei 10:30ean eta gaueko ordu txikietara arte luzatuko dute, inolako etenik gabe.
Mezaren ostean eguneko plater nagusietako batek hartu du Mijoa auzoa: herrik kirolek. Nor baino nor gehiago aritu dira erakustaldi ederra emanaz Mikel Agirre ondarrutarra eta Ioritz Gisasola. Agirre azken urtetan ikuskizun ederrak emandakoa da Mijoan eta aurten Gisasola izan du aurrean, Pentatloiko finalista. Ez dira bakarrik aritu, Uxue Urruzuno eta Eki Etxebarria izan dituzte bidelagun, Mutriku Arraun Taldeko kideak. Hasteko 100 kiloko bola 10 aldiz altxatu behar izan dute. Gero, neskek 500 metro egin dituzte ergometroan, jaietako aurtengo berritasun nagusietako bat izan da. Agirre aurretik hasi bada ere, aizkoran aurrea hartu dio mallabitarrak. Abantaila mantendu du Gisasolak ergometroko bigarren erreleboan, baita 50 kiloko txingekin egin beharreko bost luzeekin ere, eta arraunean inoiz ibili ez den arren, estu eta larri, baina garaipena lortu du Gisasolak Agirreren aurretik. Baina batez ere herri kirolek irabazi dute, parte hartzaileek ikuskizun ederra eman baitute.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Hori gutxi ez, eta harria jasotzen Unai Osak harri jasotzeko erakustaldia eman du. Hiru harri altxatu ditu, hirurak 100 kilokoak. Ondarrutarrak zilindroarekin hiru minututan 10 altxaldi egin ditu, kubikoarekin bi minututan 11 altxaldi eta bolarekin hiru minututan beste 17. Txalo artean hauspotu dute Osa herritarrek. Profesionalen ostean, auzotarren txanda izan da. Nagusiak trontzan aritu dira bikote mistoak eginez, eta umeek ere aukera izan dute herri kirol desberdinak probatzeko.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, herri bazkarian 60 bat lagun elkartu dira paella janerako. Arratsaldean jai giroarentzako tartea izango dute: dantza festa, txokolatea, erromeria eta DJa. Nahi adina aukera egongo da auzoan, musika gustu guztientzako. 18:00etan, Norgira taldea izango da jai giroa jartzeko ardura edukiko duena. Ondoren, Joxpa taldea oholtzaratuko da, eta txokolatea jan nahi dutenek ere horretarako aukera edukiko dute. Gauean, DJ Urgozo mutrikuarraren txanda izango da.