Jose Mari Rementeria Ohorezko Euskaltzain etxebarritarra hil da
Euskaltzaindiak 2018an izendatu zuten Ohorezko Euskaltzain, itzultzaile bezala eginiko lanak nabarmendu dituzte. Ondarroako apaiza izan da urte askotan.
Jose Mari Rementeria Etxebarrian jaio zen, 1940ko apirilaren 23an, eta 83 urtegaz zendu da. Teologian eta Katekesian diplomaduna (Salamancako Unibertsitate Pontifikala), baita apaiza ere, Ondarroakoa, hain zuzen ere, urte askotan. Euskal Elizbarruti arteko Katekesi eta Liturgia batzordean lankide izan da, eta Elizen arteko Bibliaren itzultzaile taldeko kide ere bai.
Hain zuzen ere, Euskaltzaindiatik itzultzaile bezala egindako lanak nabarmendu nahi izan dituzte, “bereziki Elizen Arteko Biblia egitasmo erraldoian”. Bere lan bat aipatzekotan, Euskarazko dotrinak: Kristau Katekesia Trentoko Kontziliotik Vatikanoko II. Kontziliora (1545-1962) aipatu behar da. 2018an Labayru Fundazioak argitaratu zuen ikerlan “argigarri eta garrantzitsu” hori, BBK Fundazioaren laguntzaz. Horrez gain, bestelako lanak idatzi ditu: Aita Esteve Materreren Doctrina Christiana.1623 eta Bizkaierazko Dotrinak.
Bere ibilbideagatik, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak 2018ko apirilaren 27an. Andres Urrutia euskaltzainburuak bere lana goraipatu du: “Rementeria langile nekaezina izan da euskarazko testuak bilatzen eta argitaratzen. Euskaltzale sutsua, ondare edarra utzi diguna”.