Lekeitioko Udalak zaintzak jarriko ditu erdigunean
Urriaren 6tik 15era ekintza desberdinak egingo dituzte: erakusketak, antzezlanak, dokumentalak edota tertuliak.
“Zaintzaren, herri-memoriaren eta belaunaldi desberdinen arteko harremanei buruz hausnartzeko jardunaldiak dira” azaldu du Lekeitioko Udalak. Horretarako dira Zaintzak Lekitton atzo, gaur eta bihar jardunaldiak. Barikuan [urriak 6] emango diete hasiera.
Hain zuzen ere, urriaren 6tik 8ra eta 11tik 15era 18:00etatik 20:00etara Lekeitioko errekak emakumeen lantoki eta bilgune erakusketa jarriko dute ikusgai Eskolape aretoan. Lekeition izan ziren erreken memoria berreskuratu nahi dute erakusketagaz: “Garbiketaren lan gogorra emakumeek egiten zuten, hasieran ibai ertzetan, geroago eraikitako erreketan, herritarren osasuna eta bizi kalitatea mantentzeko ezinbestekoa izan zena”. Era berean, gogoratu dute lantokiak “emakumeen sozializaziorako espazio” ere bihurtu zirela, “etxeetako zaintza lana espazio publikora ateratzen baitzuten”.
Barikuan [urriak 6] 19:30ean Con Ciencia y Arte elkarteak bultzatutako Latsariak dokumentala aurkeztuko dute , Ikusgarri zinema aretoan. Estibaliz Maguregik zuzendutako lana da eta Argenis Mesa, Marta Brancas eta Irune Lauzirikaren laguntza izan du. Proiekzioak latsarien “lan gogorra” gogoarazi nahi du, eta horretarako hamahiru emakumek haien esperientziak azaltzen dituzte, baita garbitokiak nolakoak ziren eta non zeuden ere esaten dute. Azaldu dutenez, dokumentalak Bilboko errealitatea du ardatz, baina Euskal Herriko beste toki batzuetako kontakizunak ere biltzen ditu.
“Elkarren artean hitz egiteko” espazioa izango da tertulia, Lekeitioko emakumeak “elkartu eta bizipenak banatzeko”
Urriaren 13an 19:30ean ere bai, Memoria antzezlana eramango dute Ikusgarrira. Itziar Manero zuzendariaren eskutik “oroimenari eta haren galerari” buruzko gogoeta egiten du antzerki dokumentalak. Obrak amona baten eta biloba baten arteko “topaketa bat” dela azaldu dute: “Elkarri galderak egiteko elkar ezagutzeko, zaintzeko eta agur esateko ahalegin bat, amonaren oroitzapenak desagertu baino lehen. Zer gertatzen da pertsona baten memoria galtzen denean? Nora doaz haren oroitzapenak? Zerekin geratzen gara ondorengook?”.
Hurrengo egunean [urriak 14] 12:00etan Eskolape aretora lekualdatuko dira ostera ere, bertan Zelan aldatu dira zaintzak? belaunaldiarteko kafe tertulia antolatu du udalak. “Zelan aldatu dira zaintzak Lekeition? Nola aldatu gara herri bezala? Zer kontatu nahi diegu gure bilobei? Eta zer galdetu gure amonei?”. Horrelako galderak egin eta “elkarren artean hitz egiteko” espazioa izango da tertulia, Lekeitioko emakumeak “elkartu eta bizipenak banatzeko”, hain zuzen ere.