40 herritar elkartuko dira Lekeitioko Euskal Erromeriko bazkarian
Barikuan [urriak 6] eta zapatuan [urriak 7] ospatuko du beste urte batez Zaletxuak elkarteak euskal erromeria.
Beste urte batez euskal ohiturek hartuko dute Lekeitio. Zaletxuak kultur elkarteak udalaren laguntzagaz Euskal Erromeria antolatu du barikuan [urriak 6] eta zapatuan [urriak 7]. 40 herritarrek eman dute izena bazkarirako, hau da, iazkoa erdiak gutxi gorabehera. Hala ere, antolatzaileek gainontzeko ekimenetan parte hartzea handiagoa espero dute: “Asko dira azken orduan gehitzen direnak”.
Barikuan, zapi-ipintze ikastaroagaz emango diote hasiera Euskal Erromeriari. Hamar parte hartzaile baino gehiagok izena ematea aurreikusten dute, hauek zapia, buru orratzak eta gantxoak jasoko dituzte. Iaz, lehen aldiz, hitzaldi bat antolatu zuten, eta eduki zuen harrera ona ikusita, zapaturako bisita gidatu bat antolatu dute. 12:00etan Aitta Piel ermitara joango dira, bertako xehetasunak ikasteko. 12:30ean zapi-ipintzea egingo dute egoitzan, 13:30ean Txikirri-Txikirrik taldearen musikagaz lagunduta Eskolapetik hasita erromeria egiteko. 19:00etan Kantu-Dantzajira egingo dute EinGo taldearen laguntzagaz, 2023ko Euskal Erromeriari amaiera emateko.