Lekeitioko eskola kirol programa LH4ra arte luzatu dute
2023/2024 ikasturteko berritasunak aurkeztu dituzte. Guztira 160 ume inguruk parte hartuko dute.
Lekeitioko LEK Eskola Kirolak herriko hezkuntza zentroak, udal kirol zerbitzuak eta kirol klubak barne hartzen dituen elkartea da. Hiru urte dira Lekeitioko eragile desberdinek eskola kirol bateratu baten aldeko apustua hasi zutenetik, eta urterik urte aurrerapausoak ematen dituzte. Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako umeekin hasi ziren, iaz hirugarren mailakoak gehitu zitzaizkien eta aurten LH4koak ere bai. Hori da, hain zuzen ere, 2023/2024 ikasturteko berritasun nagusia.
Lehen aldia da lau mailetakoek parte hartuko dutena, hau da, guztira 160 ikasle inguru. Lehen mailan 20 umeko bi talde, bigarren mailan 25 ikasleko talde bakarra, LH3n 23ko bi multzo eta nagusienetan 24 umeko beste bi talde. Aldatu ez direnak helburuak dira. “Lekeition kirol munduan hasteko modurik egokiena, integralena eta hezitzaileena izatea nahi dugu”, azaldu du Aitor Txopitea koordinatzaileak. Umeen %65 parte hartzen du eskola kirolean, igoera nabaritu dute, baina oraindik ez dira %70era heldu.
Horretarako, kirol espezifikoetatik alde egiten dute, eta ikasturte osoan umeek kirol desberdinak probatzeko aukera dute. Aldi berean, gaitasun desberdinak garatzen dituzte eta bakoitzaren gustuak aurkitu ahal dituzte hainbeste kirol aukeran izatean. Hain zuzen ere, kluben inplikazioa “handiagoa” izango da aurtengo programan. Azken batean LH4ko umeen sarreragaz, datorren sasoian klubetan sartzeko aukera izango dute eta horretarako sarbide “bikaina” da programa.
Programaren helburuetako bat da “gaitasunak garatzea eta espezializazioa atzeratzea”
Kirol hastapen horretan LH1-2-3ko ikasleek multikirolak egingo dituzte batez ere, kirolaz gain bestelako jolasak edota gaitasunak landuz. Laugarren mailakoek, berriz, eskola kiroleko heziketaz gain, aukera izango dute bi klubetan gehienez parte hartzeko astean egun baten. “Klubek gure helburuekin bat egiten dute eta lehiakortasuna alde batera utziko dute, hau da, beste mentalitate bat landuko da lehiaketan oinarritu baino”, azaldu dute. Azken batean, programaren helburuetako bat da “gaitasunak garatzea eta espezializazioa atzeratzea”.
Horrez gain, urtero bezala, topaketak egingo dituzte ikasturtean zehar. Lehendabizikoa urriaren 22an egingo dute eta uretako kirolen inguruan izango da. Hain zuzen ere, ikasturtea ere surf edota piragua bezalako kirolekin hasiko dituzte ikasleek. “Lerro berdina jarraitzen badugu ere, jarduera berriak sartu ditugu”. Kirol bakoitza zazpi saiotan egingo dute, baina skate edota xake bezalakoetan gutxiago egin dituzte zeregin gutxiago daudelako.
Balorazioa. Aurrerakoaz hitz egiteaz gain, eskola kiroleko arduradunek iazko balorazioa egin dute. Batez ere nabarmendu dute gurasoengandik eta umeengandik jasotako “iritzi onak”. Inkestak pasa zituzten eta parte hartzaileek “hobekuntza nabarmena” egon zela goraipatu zuten. Alde horretatik, batzorde desberdinen koordinatzaileen egitura sendotu nahi dute funtzionalagoa bilakatzeko. “Ikusten ez den lan handia dago atzetik, ume asko dira, herriko kirol instalazioak kudeatzerakoan edota klubekin ordutegiak zehazterakoan organigrama eta antolakuntza oso on bat behar dugu arazorik ez egoteko”.
Komunikazioa izan zen hobetu beharreko beste ohar nagusienetako bat. Bide horretatik, webgunea indartu nahi dute eta guraso zein eragileentzako “informazio erreferente” bat izatea. Bertan, ordutegiak, kuotak, egutegiak edota izen emateak kudeatu ahalko dira “modu errez eta argi” baten bidez. Era berean, gurasoekiko komunikazioa ere hobetu beharra ikusi dute, Whatsapp taldeak landuz. Azkenik, sare sozialak ere indartu nahi dituzte.