Lekeitioko Urpekari Taldeak iaz baino zabor gutxiago bildu du portuko garbiketan
Mota guztietako 219 zabor atera zituzten zapatuan [irailak 30]. Jaitsiera “seinale ona” dela esan dute.
Astebeteko atzerapenagaz, baina Lekeitioko Urpekari Taldeak Dzanga piragua taldeagaz elkarlanean zapatuan [irailak 30] IX. hondartzen eta itsas hondoen nazioarteko garbiketa handian parte hartu zuen. 10:30etik 12:30era egon ziren San Antolin jaietako Antzar Egunaren osteko zaborra itsasotik ateratzen. Gainera, eguraldia lagun izan zuten, zeruan zein itsasoan.
Mota guztietako 219 zabor atera zituzten, denetarik zegoen itsas hondoan: plastikoak, edari botilak, telefono mugikorrak edota erosketarako karro bat. Hori bai, gehiengoa latak izan ziren, 154 bildu zituzten. “Portua iaz baino garbiago aurkitu dugu, eta hori seinale ona da. Gainera, garbiketaren amaieran, marea beheraraz urpekari batzuk zutik amaitu zuten eta guzti”, azaldu dute. Horrez gain, urpekari taldekoek esker bereziak eman nahi izan dizkiete Dzanga piragua taldekoei eta herritarrak kontzientziatzeko lanean jarraituko dutela aurreratu dute.