Euskal Herriko 33. Hiru Txirlo Bola Joko txapelketa “zabalagoa” izango da
Zapatuan [urriak 7] hasiko da txapelketa Aramaioko Etxaguen bolatokian.
Euskal Herriko 33. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa zapatuan [urriak 7] hasiko da Aramaioko Etxaguen bolatokian. Sei jaurtialdi antolatu ditu Bola Jokorako Euskal Federazioak, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoan jokatuko da beste urte batez, “kirolari zabalkundea emanez”.
Zapatuan [urriak 7] izango da da lehen jaurtialdia Aramaioko Etxaguen bolatokian. Bi aste eta gero Mallabiko Goitara joango dira urriaren 21ean, hurrengo astean Azkoitiko Floreagara eta ostera ere Aramaiora itzuliko da azaroaren 4an, baina kasu honetan Untzilla bolatokira. Lea-Artibaira ez da helduko azaroaren 11ra arte, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgune atzeko Lauzirika bolatokian jokatuko da azken aurreko jaurtialdia. Final handia, berriz, Debako Itziarko auzoko Lasturren izango da, bertan erabakiko da txapelduna. Edozein ezbehar egon ez gero, Elgetakoa izango da ordezko bolatokia.
“Garrantzitsua da kirolari jarraipena ematea eta horretarako ordaindu barik bolak jaurtitzeko aukera ematen dugu.
Araban aterpea duten bolatoki bakarrak direlako aukeratu dituzte Aramaioko biak, “ezinbesteko” baldintza baita Federazioarentzako. Bizkaiko eta Gipuzkoako bolatokiak zozketa bidez aukeratu dituzte. “Ez dira bolatoki zailak, guztiz kontrakoa, nahiko errazak dira. Ez da indar edo teknika askorik behar. Badaude askoz zailagoak, baina hauek orokorrean ez diete parte hartzaileei arazo handiegirik emango”m¡, azaldu du Mikel Urkia presidenteak. Era berean, horrek ere txapela irabazteko aukera zabaltzen ditu, normalean sailkapenaren buruan egoten direnetaz gain, bestelako izenak ere ikusiz. “Txapelketak beste norabide bat hartuko du, herrikoiagoa izango da, zabalagoa izango delako. Bestela beti izen berdinak daude eta horrek jendea aspertzea ekarri dezake. Horrela ezusteko gehiago egon daitezke”.
Jaurtialdi guztiak 17:00etan hasiko dira eta izen ematea 5 eurokoa izango da. Hala ere, azkenaldian egin bezala, antolatzaileek aukera emango dute nahi dutenei hiru txirloa praktikatzeko. “Garrantzitsua da kirolari jarraipena ematea eta horretarako ordaindu barik bolak jaurtitzeko aukera ematen dugu. Hori bai, ordaintzen ez dutenek ez dute eskubiderik sariak irabazteko”.
Bola ofiziala 9 zenbakiduna izango da eta ordezkoa 8 zenbakiduna. 11 bola dituzte eta bakoitzak zenbaki bat du eta batzar orokorrean zozketa bidez aukeratzen dituzte txapelketarako bolak. Asteburua heldu baino lehen, bolatoki bakoitzeko arduradunei ematen dizkiete bolak hauek probatzeko eta bolatokia egokitzeko. “Azkenean ez dugu ahaztu behar eskuz eginda daudela eta bakoitzak portaera desberdina duela lurraren edo hezetasunaren arabera”.
Sariei dagokionez, jaurtialdiko irabazleak 65 euro eramango ditu etxera, bigarrenak 50 euro, hirugarrenak 35 euro, laugarrenak 20 euro, bosgarrenak 10 euro eta seigarrenak ustekabeko saria jasoko duela esan dute.