Mikel Eizagirre: "Kontsumitzen diren orduetarako ez dago euskarazko nahikoa edukirik"
Zernonikusi webguneak euskarazko ikus-entzunezko edukien informazioa jartzen du eskuragarri. Oinarriak sendotu eta gero, zabalkundea eman nahi diote, zinemara ere zabalduz.
Noiz eta zelan sortu zen Zernonikusi plataforma?
2021eko neguan sortu zen. Telegrameko kanal batean azaldu nuen euskarazko edukiak biltzen dituen webgune bat sortzeko beharra. Kanal horretan 10-12 pertsona zeuden, eta bat egiten gintuena zen euskal ikus-entzunezko inguruko ardura hori, kontuan izanda asko gurasoak garela. Bertan informazio partekatzen genuen geure artean, edukiren bat argitaratu bazen, non ikusi zitekeen eta horrelakoak. Horrela konturatu ginen Netflix eta Amazon Prime plataformak euskarazko edukiak igotzen hasita zeudela, baina jendea ez zela horren jakitun, ez zeukatela informazio hori. Gu bai ohartzen ginen aktiboki bilatzen genituelako euskarazko edukiak, baina gainontzekoek ez. Guraso moduan ere, gure lagunei ere tresna bat eskaini nahi genien. Orduan konturatu ginen arazo bat zegoela. Guk informazioaren berri genuen, baina gure ingurukoek ez. Horrenbestez, nire ideia izan zen informazio hori guztia webgune baten biltzea. Era berean, garai hartan, 3.000 Twitch mugimendua ere sortu zen, plataforma horretan euskara sartzeko helburuagaz. Euskal eduki sortzaileek plaza bat nahi zuten, Twitchen erderazko edukiak direlako nagusi eta gure hizkuntzarekiko arazoak daudelako.
Beraz, beharrizan bat ikusi zenuten.
Hori da. Horrela sortu genuen www.zernonikusi.eus webgunea: euskaraz bikoiztuta dauden film, telesail eta dokumentalak katalogatzeko lekua. Hori izan zen hasiera, baina bagenekien gerora zabaldu beharko genuela. Euskarazko edukiak egon badaude, baina jendea ez da jakitun. Netflixek edo Amazon Primek ez dutenez euskarazko edukiak zabaltzen, guk hartu dugu ardura hori, edukia biltzeko eta zabalkundea emateko.
“Orain ez dugu eskuzko lan hori egiten, tresna batzuk garatu ditugu automatikoki edukiak aurkitzeko”
Zelan antolatzen zarete?
Hasieran oso eskuzkoa zen, bost kidek hartu genuen informazioa bilatzeko eta jasotzeko ardura. Proiektua pixkanaka zabaltzen hasi zen eta, gero, mezu elektronikoak jasotzen hasi ginen eduki gehiagotaz abisatzen. Horrela, beste hainbeste laguntzaile lortu genituen, gure helburuak partekatzen zituzten pertsonak ziren. Dagoeneko bederatzi pertsona gara. Orain ez dugu eskuzko lan hori egiten, tresna batzuk garatu ditugu automatikoki edukiak aurkitzeko. Hori bai, askotan filmak euskaraz daude bikoiztuta, baina laburpena edo izenburua erdaraz dago, beraz, kideren batek itzuli egiten ditu.
Garrantzitsua litzateke laguntzaile sare hori zabaltzea?
Zalantza barik. Gurasoen artean erreferente bilakatu da, eta horrek bestelako ateak zabaldu ditu. Zinemetara ere heltzea da gure hurrengo pausoa. Kontuan izan behar da Zine Euskaditik urtean hamar edo hamabi film bakarrik heltzen direla. Gainera, gure sentsazioa da ez duela zabalkunde edo promozio nahikorik eta ez zela behar beste zabaltzen. Horregatik, zinema atala sortu genuen emanaldiak jakinarazteko, eta herri askotako emankizunak jasotzen genituen. Jende asko batu zen proiektura. Gasteizko lagun batek, adibidez, astero Arabako euskarazko emanaldien berri ematen zigun. Egia da, oraindik bidea daukagula egiteko, informazioa oso zabalduta dagoelako, azkenean, herri bakoitzak bere filmak ditu, eta zaila da guztietara heltzea, sarea oso zabala izan beharko litzateke. Katalogoan baino gehiago, bertan behar dugu laguntza gehiago. Zinema oraindik ezin dugu automatizatu. Horregatik, herritarren laguntza beharko genuke: sare handi bat sortu.
“Hitzaldi batzuk antolatzen ari gara Pantailak Euskaraz elkarteagaz elkarlanean, gure proiektua zabaltzeko asmoz”
Horrenbestez, asko dago egiteko oraindik.
Bai. Ikusten dugu webguneko zinema atala triste dagoela, eduki gehiegirik gabe. Horregatik ikasturte honetan erabaki dugu formatuari buelta bat ematea: astero laburpen bideoa bat argitaratuko dugu dauden film guztie-
kin. Informazioa zabaltzeko modua aldatuta, espero dugu jende gehiagorengana heltzea.
Zelako erantzuna jaso duzue?
Harrera oso ona izan da. Hori bai, ez gara heltzen nahi dugun jende guztiarengana. Bai badago jende bat plataforma erabiltzen duena, Twitterren 1.200 erabiltzaile baino gehiago ditugu, baina oraindik ez gara ezagunegiak. Gehiago beharko genuke. Plataforma guztiz sortu genuenetik urtebete egin dugu uztailean. Gutxi daramagu. Aurten helburuetako bat da jende gehiagorengana heltzea. Horretarako, hitzaldi batzuk antolatzen ari gara Pantailak Euskaraz elkarteagaz elkarlanean, gure proiektua zabaltzeko asmoz. Bizkaian Getxon eta AbadiƱon egongo gara, eta beste lauzpabost hitzaldi emango ditugu Gipuzkoan. Pantailak Euskarazko kideek haien helburuak azalduko dituzte, eta Zernonikusi asmo hori lortzeko tresna bat da. Guk plataforma azaltzen eta zelan erabiltzen den argituko dugu. Hitzaldi hauei esker, jende gehiagorengana heldu nahi dugu.
Helburu argia duzue, beraz.
Lehen urtean oinarriak sortu eta sendotu ditugu, bai teknologikoki baita pertsonalki ere, geure artean zelan antolatu jakiteko. Orain da momentua zabalkundea emateko. Eduki gehiago beti behar da, gaur egun kontsumitzen diren ordu guztietarako ez dago euskarazko nahikoa edukirik. Bikoiztuta Amazonen edo Netflixen hilean pare bat film ateratzen dira bakarrik. 80ko hamarkadako bikoizketa ordu kopuruak eta gaur egungoak ez daukate zerikusirik. Orduko materiala nonbait egon behar da, eskatzen duguna da zabaltzea.
“EITBri eta batez ere Eusko Jaurlaritzari eskatzen dietena da euskara erdigunean jartzea”
Orain dela gutxi, gainera, EITBk Primeran plataforma atera berri du.
Haiekin ere harremanetan jarri gara. Nik beka sarbide bat eskatu nuen, eta bilerak izan nituen zuzendariekin. Helburua zen haien eduki danak gure plataforman jarri ahal izatea. Hartu-eman oso ona eduki dugu orain arte, haiek gu laguntzeko prest daude, azkenean elkar elikatzen gara.
Puri-purian dagoen gaia da euskarazko edukiena.
Azken hilabeteetan Aldatu Gidoia mugimendua sortu da. EITBri eta batez ere Eusko Jaurlaritzari eskatzen dietena da euskara erdigunean jartzea. Behar bezala sustatzea eskatzen dute. Gaur egungo kontsumo ohiturak erabat aldatu dira, baina aldatu ez dena erakundeen jarduteko modua izan da, ez daude zuzenduta euskara zabaltzeko. Zernonikusi babesle moduan dago, ez gaude talde eragilean, baina aldarria babesten dugu. Guk badakigu Netflixen badaudela filmak erdara hutsean argitaratuta, baina bikoiztuta daudenak, EITBn eman dituztelako, baina ez dira zabaltzen. Gure plataforman, esate baterako, Netflix Euskaraz atala daukagu, gehigarri da bat nabigatzailean jartzen duzuna, eta bertan Jaurlaritzak azpititulatutako testuak daude, beraz, Spiderman, esaterako, behintzat, euskarazko azpitituluekin ikusi daiteke.