VI. Lea-Artibai Festek eskualdeko baliabide ezezagunenak erakutsiko ditu
Leartibai Fundazioak antolatzen duen ekimena urriaren 21etik 29ra egingo dute, asteburuetan.
Leartibai Fundazioak seigarren aldiz antolatu du Lea-Artibai Fest egitasmoa urriaren 21etik 29ra, asteburuetan egingo dituzte ekimen guztiak. “Helburua da eskualdeko baliabide ezezagunenak modu ludiko eta lasaiean ezagutaraztea”, azaldu dute antolatzaileek.
Urriko azken bi asteburuetan parte hartzaileek eskualdeko geologia, kultura eta gastronomiaz gozatu ahal izango dute egingo dituzten sei ekintza desberdinetan. Gainera, Lea-Artibaiko herri desberdinetan egingo dituzte eskualdeko izaera zabaltzeko. “Bertaratzen direnek abentura, esplorazio eta dastaketez gozatu ahal izango dute”.
Ispasterren emango diote hasiera Lea-Artibai Festi. Zapatuan 11:00etan ibilbide geologiko “zirraragarri” bat egingo dute. Hasi aurretik, berriz, hamaiketakoa egingo dute herriko tabernan eta behin indarrak hartuta hasiko dute ibilbideak. Parte-hartzaileek Ogella hondartzako harribitxi naturala arakatu eta eskualdeko milaka urteko geologia ezagutuko dute. 13:30ean amaitzea aurreikusten dute.
Jarduera batzuetarako tokiak beteta daude dagoeneko.
Domekan Lekeition elkartuko dira, goizean zein arratsaldean. 11:00etan txakolinaren ibilbidea egingo dute. “Lekeitioko eta Lea-Artibaiko tradizio hau ezagutaraziko da, Bizkaiko txakolin-dolarerik zaharrenetik hasi eta gaur egungo upeltegira arte”. Bisita amaitzeko, bertako produktuak dastatuko dituzte Trinkete tabernan. 16:30etik 19:30era herriko Jasokunde Andra Mariren basilikara bisita gidatua egingo dute, bertan askotariko azalpenak jasoko dituzte. “Indarberritzeko” partaideek eskualdeko produktuen dastaketaz gozatuko dute Silken Uribarren Jauregian, “badiara eta uhartera begira”.
Hurrengo asteburura arte luzatuko dituzte aurten ekintzak. Urriaren 28an Markina-Xemeinen jarri dute hitzordua 16:00etan. Argazkizaleek argazki rally interesgarri bat egiteko aukera izango dute herriko ondarea ezagutzen duten bitartean. Ondoren, Urko Ibilbidean zehar Etxebarriko Antsotegi Hotelera helduko dira, non gaztandegi ospetsuetako produktuak dastatuko dituzten.
“Arrantzarekin lotutako lanbideak eta emakumeek Kantauriko portuetan duten garrantziaren inguruko azalpenak emango dituzte”.
Amaitzeko, urriaren 29an 11:30ean Ondarroako kultura eta itsas bizitza izango dira mintzagai herriko neskatilek gidatutako bisitan. “Arrantzarekin lotutako lanbideak eta emakumeek Kantauriko portuetan duten garrantziaren inguruko azalpenak emango dituzte”. Horrez gain, arrain freskoa dastatzeko aukera emango dute neskatilekin batera. 16:30ean, berriz, Zianotipia sormen tailerra eskainiko dute Ispaster eta Lekeitio arteko Arropaineko Arragua gunean. “Bertan, parte-hartzaileek, tradizioa eta sormena uztartuz, zianotipiaren argazki-teknikarekin esperimentatuko dute eguzkiaren argiarekin konposizio eta argazki analogikoak sortzeko”.
Ahalik eta arinen. Lea-Artibai Festeko jardueretan interesa dutenek eta parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute. Horretarako, Leartibai Fundazioaren webgunea jarri dute erabilgarri. Era berean, bertan ekintza bakoitzaren xehetasunak daude azalduta. Horrez gain, informazio gehiago edo zalantzaren bat izanez gero, Leartibai Fundazioarekin jarri daitezke harremanetan 94-616 91 72 telefono zenbakian. Jarduera batzuetarako tokiak beteta daude dagoeneko.
Jarduera guztiak Leartibai Fundazioak antolatzen ditu, tokiko enpresekin elkarlanean, eta Hamen Bertokoa zigilupean produktu dastaketak egiten dira: “Lea-Artibaiko aberastasun gastronomikoa balioztatzeko tokiko ekoizleak biltzen dituena”. VI. Lea-Artibai Fest Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta dago.