Helena Azkarragaurizar: "Helburua izan da eguneroko ekintzetan indarra jartzea"
Arrasatearrak irabazi du Peru Abarka Lehiaketako ilustrazio onenaren saria. Yolanda Larreategigaz, ‘Puta gorda’ albuma aurkeztuko du urriaren 27an, 20:00etan, Markina-Xemeingo udaletxean.
Zelan sentitu zinen Peru Abarka album lehiaketako ilustrazio onenaren saria irabazi zenuela jakin zenuenean?
Oso pozik, zelan ez. Betiere ezusteko puntu bategaz, lehiaketa bat delako eta beste hautagai batzuek ere haien lanak aurkezten dituztelako. Azken batean ilustratzaileok horrelako lehiaketa ugaritara aurkeztu ohi gara, eta beti nahi dugu irabazi, baina lehiakortasuna handia da. Beti dago irabazteko aukera hori parte hartzen duzun bakoitzean, baina, gero, ez duzu inoiz espero zure lana onena edo gustukoena izatea.
Zelakoa izan da Yolanda Larreategiren Puta gorda narrazioa ilustratzea?
Zaila, oso zaila. Testuaren gaiarengatik gogorra izan da ilustrazioak egitea. Adibidez, duela sei urtetik astero umorezko bineta bat marrazten dut. Umorea islatzea ez da erraza, bakoitzak berea duelako, baina drama bat ilustratzea ere oso zaila da. Azken batean, jakin behar duzu nondik hartu nahi duzun gaia, nondik tira egin nahi duzun, eta hori bakarrik ez, zelan azaldu ere bai. Indarra non jarri nahi den garrantzitsua da, erredundantea edo errepikakorra izan barik, bestela topikoetan jausteko arriskua dagoelako.
Astebete barru, urriaren 27an aurkeztuko duzue lana. Album guztia ikusita, azken emaitzagaz pozik zaude?
Bai, nahikoa pozik geratu naiz. Gero, beti duzu betiko zalantza sormen lanekin, oso zaila da azken puntada hori ematea, lana amaitzea. Sormen prozesuan izandako beldur eta zalantza guztiak gainditu eta gero, behin amaituta, askotan gertatzen da gauzak beste modu batera egiteko ideia azaltzea. Askotan gertatzen den zerbait da. Azken batean, liburua beti da zerbait fisikoa, hor geratuko dena, eta bertigo puntu hori egoten da. Azkenean, ikasketa prozesu etengabe bat da.
“Testuak ezkutuan uzten dituen xehetasunak ere sartu nahi izan ditut”
Gaia gogorra bakarrik ez, gaurkotasunera lotuta dago.
Ilustratzaile moduan, nire helburua izan da istorioaren egunerokotasun horretan indarra jartzea. Gaur egun oraindik ematen direlako gordofobia kasu asko. Protagonista, adibidez, mugako egoera batean bizi da, baina gero konturatzen zara egiten dituen gauzak edozeinek bere egunerokotasunean egiten dituela. Horregatik, oinarrizko edo eguneroko ekintza sinpleetan egiten dituen ekintzetan arreta jarri dut irudiak sortzerakoan. Horrela, testuak eskatzen duen konplizitate puntu bat aurkitu dut.
Argi izan zenuen zer eta zelan islatu nahi zenuen ideia hori?
Nire lan egiteko moduagatik hasieran bai dago ausardia puntu bat ideiak islatzerakoan. Baina gero, ideia garatzen dudan heinean, bestelako ideiak sartzen zaizkit buruan, eta aurreragoko plan horretatik apur bat urruntzen naiz. Argi nuen zer norabide hartu nahi nuen, lehen aipatutako egunerokotasuneko ekintzen bitartez. Eta gero, testuak ezkutuan uzten dituen xehetasunak ere sartu nahi izan ditut. Horregaz jolastu, hau da, marrazkiak ez erakustea testuan agertzen dena baino askoz gehiago, fidela izan gura izan dut, azken batean.
Epaimahaiak nabarmendu du sinpletasun horren barruan ez zarela estereotipoetan jauzi.
Hori bilatu dut. Irakurleek azken emaitzan ikusi ahalko dute. Nik sortu nahi izan dudana izan da pertsonaia itxuraz aberatsa dena, baina sinpletasunean oinarritzen dena. Hori lortzea ez da erraza ohiko marrazki estereotipoetan jauzi gabe. Ikusarazi nahi izan dut itxuratik aparte, bestelako mundu bat ere badagoela pertsonaian, bere barnekoa, ikusi ezin dena. Zerbait ezkutatzen duen sentsazioa transmititu nahi izan dut. Ilustratzailea beti dago mugan, testuak kontatzen duena eta ez duenaren muga horretan. Aldi berean, ez duzu guztia testuan agertzen den bezala jarri, baina ez duzu gehiegi kontatu nahi eta erratu. Testuagaz etengabeko negoziazio bat da.
“Narrazioaren gai gogorrarengatik zaila izan da liburuaren ilustrazioak egitea”
Zelakoa izan da sormen prozesua?
Testua irakurri eta berehala lehen ideia bat izan nuen baina, gero, hori guztia nire buruan antolatu beharra zegoen. Horretarako, liburuak dituen osagai edo atal denak banatu nituen, apur bat psikopata moduan, paper zatiak horman itsatsiz. Horrela, eskema orokorrago bat osatu ahal izan nuen eta, batez ere, ideia guztiak, egin nahi nuen guztia argi ikusi. Horrela erabaki nuen non sartu nahi nuen indar gehiago edo gutxiago edota irudi bakoitzak zer erritmo izango zuen. Era berean, informazioa noiz eta zelan banatzeko ere ondo etorri zitzaidan, hau da, liburu bat idazterakoan dagoen bide orria segitu dut. Hori bai, nire lan egiteko moduagatik, behin baino gehiagotan hasi naiz, eta buelta asko eman dizkiot, guztiz uzteko ideia ere izan dut. Liburu baten ilustrazioak, esate baterako, bazkari baterako plater bat egitea bezalakoa dira, denbora asko ematen duzu lanean sukaldean, gero berehala jateko eta gozatzeko platera mahai gainean.
Zer sentsazio izan zenituen lehenengo bider irakurri zenuenean?
Asko gustatu zitzaidan protagonistak istorioko momentu batean duen maltzurkeria puntu bat. Ideia hori iltzatuta geratu zitzaidan, eta merezi bezala islatu nahi izan nuen. Denok imajina genezake bullyng-a sufritzen duen pertsona baten bizipena, gero, inoiz ez da pentsatzen dugun bezalakoa izan. Espero ez nuen portaera hori hartzeak harritu ninduen, eta asko gustatu zitzaidan.