Julen Zubieteren ‘Agur Artzai’ filmak irabazi du 46. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra
Urriaren 19tik 22ra zinemaz bete dute Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoa, batez ere. "Maila handiko” filmak aurkeztu direla esan dute antolatzaileek.
Domekan [urriak 22] amaitu zen 46. Euskal Zine Bilera. Sail Ofizialeko Lehiaketan 19 film egon dira, eta “maila handikoak” izan direla nabarmendu dute. Epaimahaia ere “esperientzia handikoa eta anitza” izan da, Ramon Agirre, Nerea Alberdi eta Alaitz Arenzana izan dira irabazleak aukeratzeko arduradunak. “Erronka handia” izan dutela esan dute.
Hain zuzen ere, Julen Zubieteren Agur Artzai filmak irabazi du Urrezko Antzarra. Epaimahaikideek azpimarratu dute “trebetasun handiko” filma dela: “Film koherentea, hunkigarria, samurra, poetikoa eta ederra da. Errespetu osoz azalarazten du artzainaren bizitza eta pentsamendua, heriotza ta denboraren iragana naturaltasunez begiratuz. Gai asko ukitzen ditu sakontasunez, ikusleoi hausnartzera eramaten gaituelarik: nola bizi garen, zein balore ditugun, nondik gatozen eta nora goazen”. Zubietek gainera 3.000 euroko saria poltsikoratu du.
Zuzendaritza onenaren saria Aitor Mendilibar eta Jon Aramendiren Habana Glass filmarentzat izan da. Epaileek nabarmendu dute ikusleak “airean” eramaten dituela filmak: “Bi zuzendariek airean eramaten gaituzte lehen segundotik amaiera arte. Alor filmiko guztien bikaintasunagatik izan da aukeratua. Kasurako, pelikularen erritmoa, musika, soinua, muntaia, aktoreen zuzendaritza eta irudia maila altukoak direla azpimarratzen dugu epaimahaikideok”. Haientzat izan da 1.600 euroko saria.
Ane Zulaikaren Emakumeak Blai filmak eraman du gidoi onenaren saria eta 1.600 euroko saria. Epaileek hurrengokoa adierazi dute: “Artxiboko irudiak, elkarrizketak, irudi garaikideak eta edukiaren interesak gidoi borobil batean uztartzen dira. Film honek memoria eta etorkizuna berreskuratu egiten ditu emakumezko saregileen testigantzen bidez. Itsasoarekiko harreman anitzak azaltzen ditu, ahots ezberdinen bidez kontakizun ahalduntzailea eraikiz”.
Gazte22 saria, 22 urte edo gutxiagoko egileentzako saria, Unax Alcubillaren KosmosPolita lanarentzat izan da. “Gazteen indarra eta gogoa mundua aldatzeko azaleratzen digu; norbanakotasuna alde batera utziz gazteek taldean ere lan egiten badakitela erakusten du. Gizartelanaren bidez eskubideak errebindikatzen dituen pelikula da”. 750 euroko saria eraman du etxera Alcubillak.
EITB ikusleen saria jaialdian zehar ikusleek emandako botoen bidez aukeratzen dute. Ikusleek Ekaitz Vertizren Hitza eman nion filma izan dute gustukoena, bataz beste, bost puntutik 4,41 puntu emanez. Vertizek 750 euroko saria irabazi du. Azkenik, 19. Kameratoian, Santaku taldearen Itsasoak daroana filmak irabazi du lehen saria eta GaraIKO taldearen Ziabogak bigarrena. Kameratoia Euskaltzaleen Topaguneagaz elkarlanean egiten den ekimena da, jaialdiagaz batera egiten dena. Zinegile gazteek 40 ordutan film bat sortu eta aurkeztu behar dute.
Merezitakoa. Euskal zinemagintzaren “figura eta ekimenak” omentzeko asmoz Euskal Zine Bilerak Euskal Zinemaren Begirada sarian Elena Irureta eta Ane Gabarain aktoreak omendu ditu. “Hamarkada guzti hauetan, gure iruditegia osatzeko egindako ekarpena eta euskal ikus-entzunezko ondarean utzitako lorratzaren gainean jarriko da Euskal Zinemaren Begirada. Biak bietara euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin duten aktoreak dira”.
Aurtengo jaialdia amaitu bezain laster, antolatzaileak ziurtatu dute 2024an berriz ere “euskarazko zinema bultzatzen” jarraituko dutela. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkiete, ez bakarrik irabazleei, partaide guztiei ere erakutsitako “trebezia eta originaltasunagatik”. Zelan ez, ikusleei “eskerrik beroenak” eman dizkiete “egunez egun” ikusgarri zinema aretora joateagatik.
Amaitzeko, aurtengo jaialdiaren parte izan diren laguntzaile eta babesleak ere gogorarazi nahi izan dituzte. Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Eitb, Eusko Label, Euskaltzaleen Topagunea, Hitza, Euskadiko Filmategia, Zinegoak, Silken Uribarren hotela, Artium museoa, Kitto merkatari elkartea, Zinea.eus, Arragua, Lekittoko Zinemazaleak izan dira Lekeitioko Udalak antolatzen duen Euskal Zine Bilera aurrera eramateko laguntza eta babesa eskaini duten eragileak.