Unai Mendiburu nagusitu da Erandioko kanporaketan
Erandion jokatu den kanporaketan parte hartu du Garazi Navarro bertsolari amorotarrak, eta seigarrena izan da.
Atzo [urriak 22] Erandioko Merkatu Zaharrean jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren laugarren kanporaketa, eta Unai Mendiburu izan zen onena. Saioan Garazi Navarro bertsolari amorotarra ere egon zen, eta seigarrena izan zen.
Lan puntuagarri guztiak eginda, Mendiburuk 472,5 puntu bildu zituen. Bera izan zen ganbarakoan ariketarik onena egin eta puntu gehien bildu zituena, eta txukun aritu zen hamarreko txikian ere; saioko bigarrena izan zen Imanol Uriaren beste puntu lortu zituen. Uriak 448,5 puntugaz amaitu zuen saioa. Hirugarren sailkatu zen Paule Ixiar Loizaga, 442,5 puntu batuta, eta berak baino hamabi puntu gutxiago lortu zituen Igor Galarzak: 430,5.
Ander Sarriugartek 419,5 puntu eskuratu zituen, eta Navarrok 411,5; Amorotoko bertsolaria izan zen onena zortziko txikiko ariketan, beste guztiek baino puntu gehiago bilduta.
Laugarren saio horretan Idoia Anzorandia izan zen gai jartzailea, eta hurrengoak aritu ziren epaile lanetan: Ainhoa Arregi, Beñat Romero, Garazi Mendoza, Graxi Arregi, Iñaki Aurrekoetxea eta Mirari Azula. Idazkari beharretan, berriz, Itziar Basterretxea aritu zen.
Hurrengoa, Igorren.
Igorrekora joango da Bizkaiko txapelketa orain. Domekan [urriak 29], 17:00etan, Igorreko Lasarte aretoan jarri dute hitzordua, eta bertan ariko dira Janire Arrizabalaga eta Eneko Aldana gernika-lumotarrak, Asier Galarza muxikarra, Aissa Intxausti lekeitiarra, eta Jone Larrinaga eta Oihana Bartra.
Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Igorreko sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.