Berritasuna eta tradizioa uztartuko ditu Markina-Xemeingo Mendi Asteak
Eguaztenean [urriak 25] 19:00 emango diote hasiera egitarauari Artibai Mendigoizale taldekoek hausnarketa bilera bategaz. Askotariko ekintzak antolatu dituzte, ohiko pista jolasa, esate baterako.
Beste urte batez bueltan da Markina-Xemeingo Mendi Astea urriaren 25etik 29ra. Aurten gainera ohiko ekimenez gain, bestelako ekintzak sartu izan nahi izan dituzte egitarauan. “Badago zer egiteko astean, askotariko ekintzak antolatu ditugu herritar guztiek parte hartu ahal izateko”, adierazi du Marije Aransolo Artibai Mendigoizale taldeko kideak. Hain zuzen ere, Markina-Xemeingo Udalagaz, Leaktibaigaz eta Antsotegi Hotelagaz antolatzen dute elkarlanean.
Eguaztenean [urriak 25] emango diote hasiera egitarauari. Berritasunekin hasiko dira. 19:00etan Markina-Xemeingo bidezidorren lanketaren inguruko hausnarketa bilera egingo dute udaletxeko batzar aretoan. Udalak herriko eragile desberdinekin jarriko da harremanetan herriko bideen inguruko azterketa bat egiteko. Besteak beste bakoitzaren egoera edota erabilgarritasunaren inguruan hitz egingo dute eta erregulazio bat idazteko helburuagaz. “Dena ez da izango aisialdia Mendi Astean, badago hausnarketarako tartea ere”.
Urriaren 26an Antsotegi Hotelean A Himalaya por la ELA dokumentalaren proiekzioa eskainiko dute. Ostean, Kepa Lizarraga mediku eta mendizaleak bertaratutakoen galderak edota zalantzak argituko ditu solasaldian. “Azken urteetan hitzaldi oso interesgarriak ekarri ditugu, eta hau beste bat da. Lizarragak bere esperientziatik aholku asko emango ditu eta kezka asko argitu”.
Klasikoa. Urriaren 29an 10:00 Artibai Mendigoizale taldearen ekintzarik tradizionalena eta aspaldikoena egingo dute: orientazio martxa, arkupe paretik hasita. Urte asko daramatzate egiten urriko azken domekan, eta horren harira hasi ziren antolatzen mendi aste edo asteburua herriko beste eragile batzuekin elkarlanean udala, Leaktibai edota Antsotegi Hotela, adibidez.
Familian egiteko ekimena da, ume zein nagusi, eta urtero gai zehatz bat aukeratzen dute pista jolaserako. Txoriak aukeratu dute aurten gai nagusi moduan, beste urte batzuetan landareak, arbolak edota perretxikoak jarri dituzte. Lea-Artibain ateratako argazkiak hartu dituzte eta ia denak ezagunak herritarrentzako. Hamabost argazki jarriko dituzte eta horiekin orientazio pista bat osatuko dute, guztira zortzi kilometrokoa herrian ingurutik, basotik, batik bat. Behin denek amaitzen dutenean, mokadua jango dute.
Arratsaldea lasaiagoa izango da, Mendi Film Festibaleko mendi filmik onenak ekarriko dituzte beste behin Berrikuntza Guneko Esperantza aretora. Hasiera batean, Markina-Xemeinen bakarrik ikusi zitezkeen filmak, baina gerora beste herri batzuetan ere ematen dituzte, Ondarroan adibidez. Aurten lau film labur proiektatuko dituzte 18:30etik aurrera: Iretargi, Yhabril. El buscador de luz, Ephemeral eta Agur Artzai. Azkenak Lekeitioko 46. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra irabazi berri du. Sarrerak 5 euro balio ditu eta udaletxeko kutxazainean daude aurretik salgai urriaren 27ra arte.