Berbalagunek euskaraz hitz egiteko “konfiantzazko eremu bat” sortu nahi du
AEKtik gogoratu dute urte osoan eman daitekeela izena eta ez dela AEKn matrikulatuta egon behar. ““Helburua da euskaraz hitz egiteko nahia duenari euskara praktikatzeko konfiantzazko eremu bat sortzen laguntzea”.
Aurten ere abian jarriko du AEK-k Berbalagun euskarazko mintzapraktika Lea-Artibain, Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Lekeition, hain zuzen ere. “Helburua da euskaraz hitz egin nahi duenari euskara praktikatzeko konfiantzazko eremu bat sortzen laguntzea”, azaldu dute.
Taldeak hiru herri horietan daude, tokian tokiko udalen laguntzagaz, beti ere. Horretarako, baina, herritarren parte hartzea behar dutela azpimarratu dute AEK-ko dinamizatzaileek. Alde batetik, euskaraz gehiago praktikatu nahi dutenek izena eman dezakete (bidelariek), baina baita ere bidelagun izateko prest dauden euskaldun zaharrek ere. Izan ere, Berbalagun egitasmoak hori bera bilatzen du: “Euskaraz hitz egin nahi duenari euskara praktikatzeko bidea eman eta horretan laguntzea”.
Ekimena “ikasitakoa praktikan jartzeko ariketa” dela eta ez dagoela “euskara ikasten hasi berri den bati zuzenduta” zehaztu dute
Egitasmoa duela 17 urte inguru jarri zuten martxan. Lehen eskualdeka egiten zen. Orain, baina, herriz herri egiten da. Ekimena “ikasitakoa praktikan jartzeko ariketa” dela eta ez dagoela “euskara ikasten hasi berri den bati zuzenduta” zehaztu dute.
Hortaz, ekimenean parte hartzen dutenek euskara maila bat eduki behar dute, elkarrizketa arrunt bat mantentzeko adinakoa. Ekimenean parte hartzeko ez dago zertan AEKn matrikulatuta egon. Doako ekimena da, eta edonoiz izena eman daiteke hiru herrietako AEKren egoitzetan. Aurrez aurre, e-postaz, zein telefonoz eman daiteke izena. Gainera, talde batzuk urteetan mantentzen direla diote, hain zuzen ere, lagun berriak egiteko “aukera ona” baita egitasmoa.
Oro har, egitasmoak ikasleei euskarazko harremanak bultzatzen laguntzen die. Berbalagunek euskaraz aritzeko “konfiantzazko gune bat” eskaintzen die.”Gutxi gorabehera zein mailatan dagoen ikusten dugu, eta beragaz ariko den eta bere bidelaguna izango den euskaldun zahar bat aurkitzen dugu. Beraien adina, zaletasunak, etab. kontuan hartzen saiatzen gara taldeak sortzerakoan”.
Euskara praktikatu nahi duena “eroso sentitzea” bilatzen dute AEK-koek
Berbalagun talde horiek herri bakoitzean “izaera propioa” dute. “Ondarroan, esaterako, talde txikiak sortzen ditugu; bi, hiru edo lau laguneko taldeak egiten ditugu”. Talde horiek, egunerokotasuneko zereginetan batzen dira. Orokorrean, euskara praktikatu nahi duena “eroso sentitzea” bilatzen dute AEK-koek.
Herrien arabera, bidelari eta bidelagun kopuruak ezberdinak izaten dira. Ondarroan, adibidez, “iaz herriko kirol elkarte batzuekin jarri ginen harremanetan, eta aurten ere kirol eta kultur elkarteengana gerturatuko gara egitasmoaren berri eman eta parte hartzaile berriak erakartzeko”. Euskalkia edo euskara batua erabiltzeari dagokienez, erabaki hori parte hartzaileen esku dagoela diote. “Erosoen sentitzen diren moduan hitz egin dezakete”.
Bestelako aukerak. Lekeition eta Markina-Xemeinen ere antzeko taldeak sortzen dituzte. “Iaz, Lekeition zenbait talde sortu ziren. Bidelagun bat eta bidelari bat zuten talde txikiak batu ziren. Gero, ikastolako guraso diren beste talde bat ere batzen zen seme-alaben zain zeuden bitartean euskara praktikatzeko tartea aprobetxatzen zutenak. Horrez gain, eguenetako pintxo-potean ere Berbalagun talde bat batzen izan da astero eta aurten ere, martxan jarrita dago jada”. Ikasturte amaieran, Lekeitioko berba lehiaketa ere egin zuten. Azken horren “harrera ona” dela eta, aurten ere bigarren aldiz martxan jartzea erabaki da, herritar guztiei partehartzeko gonbidapena luzatuz.
Markina-Xemeinen ume txikiak dituzten ama batzuk elkartzen dira bueltatxo bat herrian zehar elkarrekin egiteko eta eguraldi txarra denean kafetegi batean batzen dira. Bestalde, irakurle-txoko moduko talde handiago bat ere badago. “Zorte handia daukagu Markina-Xemeinen horrelako egitasmo batean liburuzaina egotearekin”.
Ondarroan eta Markina-Xemeinen Mintzodromoa izeneko guneak ere sortzen dituzte. Aurten Lekeitiarrei ere eskeiniko zaie horietan partehartzeko aukera. “Saiatzen gara urtean behin edo birritan talde handiagoak ere batzen”.