Markina-Xemeingo eragileek Errigoraren kanpainan parte hartzera deitu dute
Azaroaren 9ra arte eskatu daitezke saskiak: "Animatu nahi ditugu herritarrak eskuratzera, Nafarroako euskalgintzari laguntzeko". Etxebarriko Udalak ere bat egin du ekimenagaz.
Errigoraren udazkeneko kanpainagaz bat eginda, Markina-Xemeingo Euskara Batzordeak kanpaina babestu eta Nafarroako produktuz betetako saski ederrak eskuratzera deitu ditu herritarrak. Azaroaren 9ra arte eskatu daitezke saskiak: “Animatu nahi ditugu herritarrak eskuratzera, Nafarroako euskalgintzari laguntzeko”.
Saskiak, alde batetik, Errigorari zuzenean eskaria eginda lortu daitezke, Markina BHI edo Markina-Xemeingo AEK-ko banaketa eremua aukeratuta. Nahiago izanez gero, markina@aek.eus edo errigora@markinabhi.eus hebide elektrikoetara idatzita edo 607 59 62 61 telefono zenbakira deituta ere eskuratu daitezke.
10 urte bete-bete. 10. urteurrena ospatzen ari den honetan, Errigorak saski bakarra osatu du: originala, biribila eta biderkatzailea. 50 euroren truke, 23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzional alkartu ditu. Saski bakoitzak 5 produktu amankomun dauzka –zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta alkoholdun botila bat– eta beste 4rak gainontzeko ohiko produktuak dira.
Eskariak azaroaren 24an ailegatuko dira udalerrira, eta 15:30etik 17:00etara bitartean jaso beharko dira, Bekobentako liburutegiaren ondoan.
Kanpainagaz bat egin duten eragileak. Aurten, inoizko eragilerik gehien atxikitu dira: Markina-Xemeingo Udala, Hemen Be Bai, Lea Artibai ikastetxea, Bateratze Guraso Elkartea, Sormen Lantegia, Markina BHIko Euskara Batzordea, Artibai Mendi Taldea, Uhagon kulturgunea, AEK-ko ikasleak, Amaiur elkartea, Oizpe Guraso Elkartea, Markina BHI, Bekobenta Eskola, AEK, Markina-Xemeingo EAJ, Markina-Xemeingo EH Bildu, Markina-Xemeingo Sortu, MX3T, Markina-Xemeingo Esku Pelota Taldea, Bekobentako jantokia, Ernai, Gazte Asanblada, Txosna Batzordea, XAT, Armagintzarekin moztu, Okerrak Crew, Markina-Xemeingo Zesta-punta Eskola, Herri Biblioteka eta Etxebarriko Udala.