Markina-Xemeingo Larruz ahuntz gazta, Euskal Herriko gaztarik onena
Zapatuan [azaroak 4] jaso zuen saria Iban Muniozgurenek Tolosako Esneki azoka berezian. "Pozik eta hunkituta" jantzi zuen txapela, Gorka anaia eta Leila lankidea aipatu nahi izan zituen.
Bigarren urtea da Tolosa gazta eta esneki ekoizle eta zaleen erreferentziazko toki bilakatzen dutela bertako udalak, Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroak, HAZIk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Markina-Xemeingo Leartiker Esneki Zentroa. Bi egunez 25 ekoizlek 85 gazta eta esnekik parte hartu dute II. Euskal Herriko Gazta eta Esneki Lehiaketara.
Hain zuzen ere, denen artean onena izan da Markina-Xemeingo Larruz ahuntz gazta. Epaimahaia gastronomia munduko 30 kidek osatu dute. Lehiaketa zortzi kategorietan banatu dute eta markina-xemeindarrek irabazi dute sari nagusia. Iban Muniozgurenek jaso zuen saria eta “pozik eta hunkituta” agertu zen eta beragaz gaztak ekoizten dituen Gorka anaia eta Leila lankidea izan zituen gogoan txapela, garaikurra eta diploma jasotzerakoan: “Salmentetan laguntzeaz gain, batez ere errekonozimendua egiteko balio du; ahuntz gaztek esnekien artean bere tokia izateko balio izango du”. Hori gutxi ez, eta iaz ahuntz gazta onduen saria irabazi eta gero, aurten lorpena errepikatu dute.
Bi egunez Euskal Herrian ekoiztutako gazta eta esneki mota guztiak ezagutzeko eta dastatzeko aukera egon da, Tolosa beste behin “erreferentziazko gune” bilakatuz. Barikuan [azaroak 3] sektoreko profesionalak elkartu ziren Beotibar pilotalekuan antolatutako Euskal Herriko gazta mahaia” kongresuan. “Bertan ekoitzitako gazta ugari ezagutzeko dastaketa gidatuak errepikatu ziren . Aurten ez da bestelakoa izan, eta txanda guztietako txartelak aurrez agortuta zeudela egin dira”, azaldu dute antolatzaileek.
Zapatuan [azaroak 4] elkarrizketak mokadu bilakatu ziren, 25 ekoizlek postua jarri zuten herriko plazan egindakoa azoka berezian. Familia ugari gerturatu ziren “esnetan” espaziora txekorrak nola elikatu, esne motak bereiztu eta esnekiak sortzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutu ahal izateko, batez ere etxeko txikienek.
Elkarlanean. Antolatzaileek azpimarratu dute lehiaketa zein azoka “arrakastatsua” izan dela: “Bigarrenez eragile ezberdinen artean elkarlanean antolatutako topaketa hau indartsu dagoela ikusi ahal izan dugu. Sektoreak ere erantzun du, eta Euskal Herriko gazta eta esneki ekoizleen lana balorean jartzea denez ekimen hauen helburuetako bat, emaitzarekin kontentu gaude. Azken, batean, gazta, esnekiak, baita esnea bera ere, gure elikaduraren oinarri dira, eta hala izan dadin, balioan jarri behar dugu. Eta, hori, gozatuz egin badaiteke, are hobeto”.