Ziortza-Bolibarko energia komunitatean sartzeko bigarren aukera zabalduko dute
Udaletik esan dute energia trantsizioa emateko une “garrantzitsuan” daudela. Eguenetik [azaroak 9] zapatura [azaroak 11] egin daiteke kooperatibista.
Ziortza-Bolibarren energia trantsizioan buru belarri sartuta daude, aurreko agintalditik aurrerapauso ugari eman dituzte. “Klima larrialdiari aurre egiteko herriko helburu propioak ezarri genituen eta energetikoki burujabe izateko energia plana sortu genuen”, azaldu dute udal ordezkariek. Bolintxu energia komunitatea sortu zuten eta orain trantsizio hori emateko une “garrantzitsuan” daudela uste dute.
Hain zuzen ere, aste hau bereziki garrantzitsua da herrian. Bolintxuk kooperatibista berriak hartzeko epea zabalduko du. Horretarako hiru hitzordu jarri dituzte: Eguenean [azaroak 9] eta barikuan [azaroak 10] 19:00etatik 20:00etara eta zapatuan [azaroak 11] 12:00etatik 13:00etara, udaletxean. Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte “kooperatiban sartzera eta energia komunitatea indartzera”. Izena eman nahi dutenek hurrengoko dokumentuak aurkeztu behar dituzte: etxeko azken argi faktura, NANaren kopia, ezkonkidearen NAN kopia, telefono zenbakia, posta elektronikoa eta 50 euroko sarrera kuota.
Azaroaren 11 da kooperatiban sartzeko azken eguna. 2024an bateriarik gabeko eguzki plakak jarri nahi dituzte partaideen etxeetan. Gainera, orain izena ematea garrantzitsua da ez dakitelako noiz zabalduko duten berriro izena emateko epea.
Horretarako, onura pertsonalak zein kolektiboak azaldu dituzte. Epe laburrean, talde kideen etxeetan eguzki plakak jarriko dituzte, horrela etxebizitzetako energia kontsumoa plaketatik jasoko dute, hau da, “familia ekonomian aurrezpenak ekarriko ditu”. Azaldu dute hasieran ez dela inbertsiorik egin beharko. “Proiekturako jasoko diren diru laguntzen arabera, plaketako argi kontsumoaren araberako ordainketa txikien bidez bideratuko da epe luzera”. Era berean, gogoratu dute energia aurrezteko ohiturak orokorrak direla eta pixkanaka egunerokotasunean jarri behar direnak, besteak beste, elektrizitatean erabilera eguneko orduen arabera, horrela kontsumoa jaisteko.
Onura pertsonalak bakarrik ez, kolektiboak ere baditu Ziortza-Bolibarko energia komunitatearen parte izatea. “Herri kohesionatuago bat izango dugu. Familia zaurgarriak babestuko dira baldintza bereziak jarri eta erraztasunak emanez”. Hau da, edozeinek herrian sortzen den energiaz baliatzeko aukera izango du. Horrez gain, ingurumenari ere mesede egiten diote, herrian sortutako energia garbia eta ez kutsakorra delako.
Aspalditik. Ziortza-Bolibarko Udala aurreko agintaldian osatu zuen Energia Plana eta bide horretan pauso asko eman dituzte. Herrigunean eta auzoetan kontsumo gutxiko argiteria jarri zuten. Gainera, udal areto guztietako eguneko argi kontsumoa asetzeko beste eguzki plaka jarri zituzten eta baserrietan kontsumo gutxiko led argiak jarri zituzten. Baina “erabateko pausoa” energia komunitatearen sorrera izan zen: “Azkenaldian hau izan da herri bezala eta energia eremuan eman dugun pausorik garrantzitsuena. Izan ere, herria antolatzeko tresna berri bat dugu. Jende berri bat dago Ziortza-Bolibarko komunitate osoaren interesak babesten”.