EH Bilduk udal tasak %3 igotzea “dirua batzeko grina” dela salatu du Lekeitioko EAJk
Azken Osoko Bilkuran onartu zen 2024an udal tirbutuak %3 igotzea, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin. “Ez dago behar baino diru gehiago batzeko beharrik”, adierazi dute.
Azaroaren 2ko Osoko Bilkuran Lekeitioko Udalak 2024an udal tasak %3 igotzea onartu zuen EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren aurkakoekin. Hori bakarrik ez, eta ohikoa ez den etxebizitzagatik Ondasun Higiezinen gaineko Zergan dagoen %50eko errekarguaren salbuespena, gas eta elektrizitate-kontsumoarengatik, kentzea erabaki zen. Azken erabaki hau herrian etxebizitza duten “hainbat familiaren aurka” doala adierazi dute jeltzaleek.
Jeltzaleek azken urteetako %1,5eko igoera mantentzea proposatu zuten, azken bi agintaldietan izan zuten “koherentzia” jarraituz. “Herritarren beharrak lehenetsi genituen beti eta zerbitzu publikoen finantza-sostengurako gutxieneko handitzeak mantentzearen alde egin dugu”. %3ko igoera “diru bilketaren nahia” dela esan dute: “Udaleko egoera ekonomiko onak ez du justifikatzen lekeitiarrak gehiago estutzea”. Gaineratu dute EAJren zortzi urteko agintaldiaren ostean udala “diru soberakin eta egoera ekonomiko oso onagaz” utzi zutela eta ondorioz, ez dagoela “ behar baino diru gehiago batzeko beharrik”.
Udala “lekeitiarren ondoan jartzea funtsezkoa” dela nabarmendu dute
Gaur egungo “hipoteken prezioekin, inflazio kontrolatu gabeagaz eta oro har prezioen igoeragaz” herritarrei “are eta kalte handiagoa” egingo diela uste dut. Udala “lekeitiarren ondoan jartzea funtsezkoa” dela nabarmendu dute. Horregatik EH Bilduren udal gobernuak duen “dirua batzeko grina” salatu dute eta %3ko igoeraren erabakia “lekeitiarren interesen aurkakoa” dela.
Gogoratu dute Bizkaiko udalek %8,16 gehiagoko finantzazioa jasoko dutela 2024an, hau da, 2023an baino 417.182 euro gehiago izango dituela Lekeitioko Udalak eta beste 85.676 euro gehiago aurtengo aurrelikidazioagatik. “Datu ekonomiko hauek ikusita beharrezkoa da lekittarrei presio fiskala neurri gabe igotzea? Lekeitioko EAJ- PNVtik uste dugu ezetz”.
Proiektu barik. Horrez gain, azpimarratu dute oraindik ez dutela hurrengo urteetarako proiektuen berri. Hori bai, jeltzaleek argi utzi nahi izan dute oposizio “eraikitzaile, zorrotza eta irmoa” egingo dutela: “Arduraz jokatuko dugu, herritarren ongizatean eta bizi-kalitatean eragin zuzena duten erabakietan eragiteko”.