Zabalik dago Lekeitioko Santo Tomas azokan izena emateko epea
Azoka abenduaren 21ean egingo dute eta postua jarri nahi dutenek azaroaren 15a dute azken eguna.
Zabalik dago Lekeitioko Santo Tomas azokan postuak jartzeko izen-emate epea. Astelehenean [azaroak 6] zabaldu zuten eta datorren eguaztenera arte [azaroak 15] egongo da aukera. Abenduaren 21eko azokan nekazari, abeltzain, artisau edota herriko eragileen postuak jarriko dituzte. Iaz, adibidez, 32 postu egon ziren guztira. Azokan parte hartu nahi dutenek, izen-emate inprimakia bete behar dute eta bertako oinarriak bete. Horiek udaletxeko bulego orokorrean aurkeztu behar dira edo bestela udala@lekeitio.eus posta elektronikora bidali.
Helburuen artean, Lea-Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatu eta haien produktuen kontsumoa bultzatzea be badago”, esan dute antolatzaileek. Horrez gain, eskualdean lehen sektoreak duen garrantzia kontuan hartuta, “ezinbestekotzat” jotzen dute herritarrengana produktu hauek hurbiltzeko ekimenak aurrera eramatea.
“Lekeitioko udalak ulertzen du lehen sektorea garrantzitsua dela ekonomiarentzat, ingurumenarekiko errespetuarentzat, kontsumo jasangarriarentzat eta biztanleriaren osasunarentzat eta funtsezko sektore izanda, bere bideragarritasunean laguntzeko hainbat ekimen aurrera eramaten ditu”.