Lekeitioko nagusien egoitzako langileek eta Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sareak gerentziaren “izaera autoritarioa” salatu dute
Atzo [azaroak 8] egindako agerraldian argi utzi zuten langileen eskubideengatik borrokan jarraituko dutela. Nagusien egoitzako gerentziak bidea irekita du epaitegietan salaketa jartzeko.
Lekeitioko nagusien egoitzako hainbat langilek eta Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) agerraldia egin zuten atzo [azaroak8] azken egunetan bizitakoaren berri emateko. Maiatzean hasi ziren Uribarren Abaroa nagusien egoitzako «muturreko lan baldintzak» salatzen, eta horiek hobetzeko borroka hasi zuten. Batetik, gerentziari hainbat eskarigaz gutun bat bidali zioten, «erantzule zuzenena» delako. Bestetik, egoitzako patronatua ere arduradun dela nabarmendu dute –Lekeitioko alkateak, abadeak eta Uribarren eta Abaroa familietako oinordekoek osatzen dute patronatua–.
Salaketa egin zutenetik hainbat batzar edota elkarretaratze egin dituzte «nagusien egoitzako egoera ezagutarazteko», eta hainbat herritarren babesa jaso dute. Horrez gain, egindako eskaeretako batzuk betetzen hasi direla baieztatu dute, nahiz eta, oraindik orain, kalitate minimoko lan baldintzak edukitzetik «urrun» dauden.
Azaldu dutenez, azken asteetan egoera goitik behera aldatu da, eta egoitzako nagusien «benetako erantzuna» ikusi dute. «Kontziliazio demanda bat ezarri du borrokan aritu garen erresidentziako hainbat langile eta LASeko kideren aurka. 30.000 euroko kalte ordaina eta publikoki gure hitzak eta aldarriak atzera botatzea eskatu digu». Horregatik, joan den astelehenean Gernika-Lumoko epaitegira joan behar izan ziren «gerentziaren eskaerak» onartzen ez dituztela adierazteko.
Ondorioz, nagusien etxeko arduradunek «bidea irekita» daukate salaketa bat jartzeko. Langileek eta LASeko kideek beste behin salatu dute hasieratik azaleratu duten gerentziaren «izaera autoritarioa agerian» geratu dela. «Bilatzen duena zer den argi daukagu: borrokatzeko urratsa eman dugun langileak zigortu eta, horrela, plantilla osoaren artean beldurra zabaltzea, muturreko lan baldintzak onartu ditzagun».
Berdin. Borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi dute beste behin ere. Lan baldintza kaxkarrak salatu zituzten eta salatzen jarraituko dutela argitu dute. «Langileen borrokari egindako erasoa» arbuiatuko dute. Era berean, patronatuari «dagokion ardura» hartzea eskatu diote. «Lanpostuan ere antolatu eta lan baldintzen aldeko borrokak aurrera eramateko zilegitasuna eta beharra azpimarratzen dugu langileok, mota guztietako nagusien inpunitateari muga bat jartzeko modu bakarra delako».