Lekeitioko nagusien egoitzako gerentziak epaitegietan zabaldutako bideagaz “desasdostasuna” erakutsi du patronatuak
“Zaintzak erdigunean” jarriko dituen udal politikak garatu nahi dituzte Lea-Artibaiko udalek.
Lekeitioko nagusien etxeko langileek eta Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sareak gerentziaren “izaera autoritarioa” salatu zuen egueztenean [azaroak 8] egindako agerraldian. Bertan, jakitera eman zuten nagusien egoitzako arduradunek salaketa jartzeko bidea hasi dutela: “Kontziliazio demanda bat ezarri du borrokan aritu garen erresidentziako hainbat langile eta LASeko kideren aurka. 30.000 euroko kalte ordaina eta publikoki gure hitzak eta aldarriak atzera botatzea eskatu digu”.
Bestetik, egoitzako patronatua ere arduradun dela nabarmendu zuten –Lekeitioko alkateak, abadeak eta Uribarren eta Abaroa familietako oinordekoek osatzen dute patronatua–. Hain zuzen ere, gerentziak epaitegietan ireki duen bideagaz “hasiera-hasieratik desadostasuna” erakutsi duela adierazi du patronatuak. Hori bakarrik ez, eta “egoera onbideratzeko prozesuan buru-belarri” dagoela esan dute eta horrelako erabakiek “mesederik ez” dutela egiten adierazi dute. “Langile eta senideei bidalitako gutunean esan bezala, hasieratik bide judizialarekin bukatzeko eskatu zion Patronatuak gerentziari. Gerentziak aldebakartasunez bideari jarraipena ematea erabaki zuen”.
Erdigunean. Lekeitioko Udala Lea-Artibaiko beste udalekin batera eta Lea Ibarrako zein Lea-Artibai Amankomunazgoagaz batera zaintzak “erdigunean” jarri nahi ditu. Eskualdeko hainbat ordezkari Usurbilera arte bertaratu ziren Matia Fundazioaren eskutik herrian martxan dauden hainbat proiektu ezagutzeko. Agurtzane Solaberrieta herriko alkateagaz batera, Egurtzegi bizikidetza-etxeguneak eta Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioak ezagutu dituzte.
Lekeitiokoak, adibidez, “prozesu eraldatzaile” baten lehen pausoak ematen hasia da. “Herri zaintzaile bihurtzeko ezinbestekoa da zaintza erdigunean jarriko dituen udal politikak garatu eta martxan jartzea”. Hori bai, zaintzari buruzko prozesu hori “modu herritarrean” garatu behar dela uste dute. Horretarako, bide desberdinak zabaldu nahi dituzte herriko senide, langile eta herritarrekin batera “hausnartu eta erabakiak hartzeko”.