Operaz gozatzeko irteera antolatu du Lekeitioko Udalak
Izena emateko epea zapatuan [azaroak 18] amaituko da. 78 euro balio du eta sarreragaz batera garraioa dago prezioaren barnean.
Badaude urteak aurrera joan ahala aldatzen ez diren zaletasunak edo ohiturak. Lekeition, esate baterako, urte behin baino gehiagotan antolatzen dute opera ikusteko irteera bat. Azaroaren 25ean Euskalduna Jauregian Bilboko Operak Gaetano Donizettiren L’elisir D`amore lana eskainiko du, eta bertaratzeko deia egin dute emankizuna “kalitate handikoa” baita. ABAO Bilbao Operaren 18. Opera Berri ekimenak “opera gizarteari gerturatzeko xedea du, obra oso ospetsuak eta sarrerak ohi baino merkeago eskainiz”, azaldu dute
Udalak operaz gozatzeko irteera antolatu du. Izena emateko epea zapatuan [azaroak 18] amaituko da. 78 euro balio du eta sarreragaz batera garraioa dago prezioaren barnean. Sarrerak herriko kultur etxean eskuratu daitezke arratsaldeko ordutegian. Azaroaren 25ean 17:00etan irtengo da autobusa Mandaskako autobus geltokitik. “ABAO eta Lekeitioko Udalaren eskutik opera prezio txikian ikusteko aukera izango duzue!”, esan dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, emanaldi berezia izango da herritarren artean opera zabaltzeko intentzioagaz %50 jaitsi dituzte sarreren prezioak.
Adituek nabarmendu dute publikoaren opera “kutunetakoa” dela XIX. mendeko opera bufoko lanik “xarmagarrienetakoa”. “Euskal Herrian girotutako komedia sentimental hau maisu italiarraren ekoizpenaren gailurretako bat da, eta komediaren eta dramaren, sakontasunaren eta sinpletasunaren, erromantizismoaren eta malenkoniaren arteko nahasketa orekatuaz osatuta dago, commedia dell’arte-n oinarritutako pertsonaia arketipikoekin”.