'Itzulerak': Miren Agur Meabek "idatzi behar" zuen liburua
Lekeitiarrak gaur [azaroak 20] aurkeztu du bere liburu berria. Erregistro aldaketa bilatu du azken liburuan, betiere bere estiloa mantenduz eta Lekeitio oso presente izan du.
Miren Agur Meabek gaur [azaroak 20] aurkeztu du Itzulerak bere azken eleberria, Donostiako Fermin Kalbeton auzoko Elkar liburutegian. Lekeitio du abiapuntu liburuak eta Martija de Jauregi protagonista. Hain zuzen ere, XVI. Mendeko sendalariak idazlearen herrian egin zuen lan Nafarroako inkisiziotik ihesi kostaldera arte heldu zenean.
Omenaldi bat egin nahi izan dio lekeitiarrak: “Idatzi behar nuen liburu bat da”. Liburu batengatik izan zuen Martija de Jauregin berri eta informazio gutxi bazegoen ere, “bulkada” bat sentitu zuela esan du aurkezpenean. “Historiak bazterrean utzitako beste emakume bat da eta ni berataz eta bere istorioaz maitemindu nintzen, are gehiago herrian mediku izanda. Eskuzabaltasun osoz ongintzaren alde egin zuen lan”. Hain zuzen ere, idazlearen Nola gorde errautsa kolkoan poema liburuan poesia bat eskaini zion. Hori gutxi ez, eta Nafarroara arte joan zen urte hasieran protagonistaren bestelako pertzepzio bat hartzeko.
Miren Agur Meabek nabarmendu du liburua idazten jarraitzeko gogoak izan dituela, eta gatza izan dela “azken puntua” jartzea
Gazteentzako liburu bat bada ere, nagusiagoek ere irakurri ahal dutela nabarmendu du. Bestelako erregistro bat bilatu du lekeitiarrak, “nire estiloa mantenduz, baina bestelako mundu bat esploratuz, ezin delako beti antzeko liburuak idazten ibili”. Hau da, liburuak atal laburrak ditu eta deskripzioak, elementu sinbolikoak eta estilo baliabideak dira nagusi. Hori bai, ohi baino pertsonaia gehiago sortu ditu. Liburua irakurterrazagoa izateko, hirugarren pertsona orojakilea eta lekuko lehen pertsona uztartu ditu. Orainaldiaren eta lehenaldiaren arteko jauziak daude istorioa orainalditik XVI. Mendera arte doalako.
Lekeitiarrak hainbat helburu izan ditu Itzulerak liburuagaz: “Istorio entretenigarri bat idazteaz gain, Martija de Jauregin irudia balioetsi, emakumeen aurkako zapalkuntza azaleratu, aro modernoaren konplexutasunaz jabetzea, sexu eta klase arteko desberdintasunak agerian utzi eta irakurleen sentsibilizazio estetikoa garatu”. Miren Agur Meabek nabarmendu du liburua idazten jarraitzeko gogoak izan dituela, eta gatza izan dela “azken puntua” jartzea ideia gehiago izan dituelako.
Antxiñe Mendizabal editoreak ere azpimarratu du “edozein adinentzako” liburua dela. Era berean, Meaberen liburua “berria eta originala” dela eta “irakurterraza” elkarrizketa asko dituelako. Lekeitioko herriak Meaberen liburuetan duen garrantzia goraipatu du. Idazleak, adibidez, Garraitzeta izena jarri dio Lekeitiori izen literario moduan eta gaztetatik eleberri askotan erabili du.
Laburpena:
Miriam eta seme-alabak Garraitzetara heldu dira Haize-Begi etxean bizimodu berri bati ekiteko. Alabaina, iritsi bezain pronto, ezustekoa izango dute: haur jaioberri bat aurkituko dute. Nola liteke? Nork utziko luke haurtxo bat urteetan itxita egondako etxetzar horretan? Oraindik ez dakite non edo non badela pasagune bat zeinetan denbora eta lekuak gurutzatzen diren. Zorionez edo zoritxarrez, pasagune hori zeharkatzen duenak iraganean harrapatuta geratzeko arriskua dauka.
Horixe gertatuko zaio Katalini: laurehun urte atzera eginda, XVI. mendean agertuko da. Nola biziraungo du bertan XXI. mendeko neska batek? Martija de Jauregi emaginari esker. Ia ezezaguna dugun pertsonaia erreal hori Nafarroatik desterratua izan zen 1582an. Haren eskutik ofizio bat ikasita, garai baten lekuko izango dugu Katalin. Sineskerak, herri-jakituria, mitologia eta beste alor batzuetako zipriztinak abentura geografiko eta espiritual batean barrena. Eta horiek apailatuz, bortizkeria, iruzurra, samurtasuna, ausardia, amodioa, saldukeria eta leialtasuna.