Lekeitioko Eskolako Zapran guraso elkarteak 2. eskuko azoka errepikatuko du
Domekan [azaroak 26] 11:00etatik 15:00etara egingo dute ikastetxeko patioan. 46 postu egongo dira.
Iaz lehen aldiz antolatu zuen Lekeitioko Eskolako Zapran guraso elkarteak bigarren eskuko azoka, eta “errepikatzeko modukoa” zela esan zuten, baita egin ere. Domekan [azaroak 26] 11:00etatik 15:00etara egingo dute, ikastetxeko patioan. 46 postu egongo dira: Bigarren eskuko 24 postu, artisauen 15 eta ekoizleen zazpi.
Guraso elkarteak badaki Gabonak gero eta hurbilago daudela eta jai egunetan ematen diren “neurri gabeko kontsumismoari buelta bat” eman nahi diote. Herritarren artean etxeetan erabiltzen ez dituzten tresnak edota jantziak berrerabili nahi dituzte, “oraindik bizi asko dituzte eta bigarren aukera bat eman ahal zaie askori”. Azaldu dute postuak jartzen duenak erabaki duela ekartzen duena saldu, trukatu edo oparitu. Iaz, adibidez, postu batek baino gehiagok Gobernuz Kanpoko Erakundeei bideratu zuten eskuratutako dirua.
Beste alde batetik, herriko saltoki eta produktuak bultzatu nahi dituzte. “Denok ezagutzen ditugun erosketa plataforma handietara jo barik, inguruan ditugun artisauen lana balioan jarri behar dugu”. Esate baterako, bigarren eskuko azokan inguruko eta sasoiko barazki, esneki, odolki, txerriki, arrautzak edota opilak dastatzeko eta erosteko aukera egongo da. “Bertoko produktuak sustatu eta ezagutzera emateko helburuagaz”.