31 proiektu aurkeztu dira Leartibai Sarietara, iaz baino 13 gehiago
Eguenean [azaroak 23] egin zuten sari banaketa Ziortza-Bolibarko udaletxean. Bost ataletan banatu zituzten sariak.
Lea-Artibaiko ekintzaileak “omendu, eskualdean lanpostu berriak sortu eta gizartean oro har ekintzailetza sustatzea” helburu du Leartibai Sariak. Leartibai Fundazioak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko hamabi udalen laguntzarekin.
Hain zuzen ere, atzo [azaroak 23] Ziortza-Bolibarko udaletxean elkartu ziren ordezkariak eta parte hartzaileak. Aurtengo Leartibai Sariak marka guztiak apurtu ditu, 2022-2023 epealdian martxan jarritako 31 negozio berrien proiektuak aurkeztu dira. Hau da, iaz baino 13 gehiago.
Sariei dagokionez, Jose Luis Ezkerraren Daonaz proiektuak irabazi du negozio ideia berritzaile onenaren saria. Daonaz enpresak baratxuri beltza, barazki eta frura deshidratatuen ekoizpena eta salmenta egiten du. ““Urte asko daramatzat nekazaritza ekologikoan lanean eta nire produktuen bidez jendeari osasuna eskaini nahi diot”, adierazi du irabazleak. Andreia Patricia Gomezen Cuerpo y Alma proiektuak merkataritza, ostalaritza eta turismo zerbitzuen enpresa onenaren saria jaso zuen. “Oso pozik eta eskertuta” agertu da negozioa aurrera ateratzeko emandako laguntzagatik. Bi irabazleek 2.000 euro eta garaikurra eraman dute etxera. Kooperatiba ereduari saria, berriz, bertan behera geratu da.
Miren Maitena Mendieta lekeitiarraren Bare-bare Arnas Leku enpresak irabazi du emakume ekintzaileari 500 euroko saria. “Eskerrak eman nahi dizkiot Leartibai Fundazioari eta, bereziki, Yanobari urte guztian zehar eman didan laguntzagatik. Sari hau ondo etorriko zait negozioan inbertitzeko eta hobekuntzak egiteko.”
Leartibai Sariak aurten gazteengan jarri nahi izan du arreta eta bultzada bat eman eta 2.000 euroko beste bost sari banatu ditu. “Proiektu horren erronka gazteen emantzipazioa bultzatzea da, prestakuntzarekin eta laneratzearekin lotutako ekintzak definituz eta martxan jarriz”.
Hurrengokoak izan dira irabazleak:
- BETI PREST AUTOAK
Ekintzaileak: Boubaker El Farh eta Mohsin Zligui, Ondarroa.
Jarduera ekonomikoa: mekanika eta karrozeria zerbitzuak. - BUZTARRI TABERNA
Ekintzaileak: Mikel Gandiaga eta Kepa Gandiaga, Markina-Xemein.
“Jende jatorra etortzen da gure tabernara, giro polita sortzen da eta musika ere ona da. Gonbidatuta zaudete denok nahi duzuenean etortzera.” - EMESE
Ekintzailea: Selene Chica, Markina-Xemein.
“Negozioa martxan jartzeko orduan bidelagun izan dudan Leartibai Fundazioa eta, batez ere, Yanoba nahi ditut eskertu, dena errazago delako beraien laguntzarekin.”
Jarduera ekonomikoa: emakumezkoen arropa eta osagarriak. - PASTOR
Ekintzailea: Ramona Lisa Tomoiaga, Ondarroa.
“Oso zaila da negozio bat martxan jartzea, baina lan egiteko gogoa daukagu eta aurrera jarraituko dugu. Eskerrik asko.”
Jarduera ekonomikoa: janari prestatua. - URKI
Ekintzailea: Urki Olaetxea, Ondarroa.
“Sorpresa handia izan da, oso pozik nago astetik astera lana ugaritzen ari delako, eta publizitaterik ez dut egin oraindik.”
Jarduera ekonomikoa: energia berriztagarriak eta elektrizitate lanak.
Laguntza ekonomikoaz gain, irabazleek abantailak izango dituzte: Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegiko espazioetan kokatzeko lehentasuna; Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko erraztasuna; eta negozio-ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza Leartibai Fundazioko ekintzailetza-teknikarien eskutik. Ekitaldiaren amaieran Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak aurreskua dantzatu zien irabazleei.
Bestelakoa. Instagram lehiaketako sariak ere banatu dituzte. 684 pertsonek bozkatu dute gustukoen duten proiektua eta horien artean online bidezko zozketa egin da. Irabazlea Olaia Golzarri markina-xemeindarra izan da, eta eskualdeko produktuez osatutako otzara bat jaso zuen. Aurten, gainera, proiektu bozkatuena ere saritu da. 329 botorekin Markina-Xemeingo Buztarri Taberna izan da irabazlea, eta horrek ere otzara bat jaso zuen ekitaldian, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartearen izenean “Hamen Bertokoa” egitasmoaren baitan.