Protokoloa, euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko
Protokoloa oldarraldi judizialari «erantzun irmoa» emateko asmoz garatutako tresna da. Uemak aurrerapauso handitzat hartzen du «modu bateratuan» erantzun ahal izatea
Euskalgintzaren Kontseiluak Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloa izeneko dokumentua kaleratu du, «euskararen normalizazio prozesuan atzerapausoak egitera behartzen ari den oldarraldi judizialari erantzun irmoa» emateko asmoz garatutako tresna. Hizkuntza eskubideen aurkako erasoen aurrean antolatu eta saretzeko balioko duena, euskalgintzaren eta hizkuntza eskubideen defentsan sinesten duten askotariko eragileen arteko harremana eta elkarlana hauspotuz. Tokian toki eta batasunetik erantzuteko tresna edonoren esku jarri nahi izan dute.
Gogorarazi dute Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak bere 2. artikuluan zehazten duela inor ezin dela diskriminatua izan bere hizkuntzarengatik, baina oraindik euskal hiztunen eskubideak ez daudela guztiz bermatuta eguneroko arlo askotan. «Euskara hizkuntza gutxitua da bere herrian, hizkuntza hegemonikoez inguratuta, gaztelania eta frantsesa, eta egoera zaurgarrian dagoena». Horregatik, uste dute «ezinbestekoak» direla erakunde publikoek eman ditzaketen «araudi eta neurri positibo guztiak».
Kasuistika. Funtzionamenduari dagokionez, bi kasutan aktibatu daiteke protokoloa: arau, kontratazio edo deialdi bati hizkuntza eskubideei loturiko helegitea jartzen zaionean, kasuari jarraipena egiteko; eta hizkuntza eskubideen edo euskararen normalizazioaren aurkako sententzia baten berri jasotakoan, erantzuna prestatzeko. Kontseiluak jasoko du kasuaren berri, eta eragileekin batera hurrengo urratsak aztertuko ditu.
Sententzien kasuan, eragin eremuaren arabera bi erantzun mota aurreikusi ditu Protokoloak: udal edo tokiko kasuak eta foru erakunde edo administrazio orokorragoetakoak. Lehenengoetan, tokiko euskalgintzak eta eragileek izango dute erantzunaren protagonismoa, eta sustatuko da beraiek egitea harremana alderdi eta sindikatuekin. Alde batetik, bertako euskalgintza udal mailako alderdi desberdinekin harremanetan jarriko da, salaketa bateratu baterako oinarririk baden ikusteko. Erasoa salatzeko prest dauden eragile sozial eta politikoen artean eman beharreko erantzuna adostuko da, adibidez, adierazpen bat, prentsaurrekoa edota elkarretaratzea. Eragileen konpromiso maila desberdinak kontuan hartuta, ez da inor behartuko prest dagoena baino urrunago joatera. Bigarren kasuan, foru erakunde edo administrazio orokorragoetan, sindikatuekin batera erantzun bat adosteko saiakera egingo litzateke: salaketa adierazpena, prentsaurrekoa, elkarretaratzea, mobilizazioa…
Bi kasuetan, Kontseiluaren ardura izango da euskalgintzagaz, alderdi politikoekin eta sindikatuekin harremanetan jartzea, eta beharrezkoa den kasuetan, euskarri eta baliabide desberdinak eskaintzea. Sententzien kasuan, egingarri denean, errekurtso babesa adieraziko lioke erakundeari.
“Noraezean ibili beharrean babestuta sentituko dira erasoren bat jasaten dutenak, eta erasoen aurrean zer egin behar den edota beste batzuek orain arte nola jokatu duten ere jakingo dute”
Beharrezko tresna. Miren Segurola Uemako koordinatzaileak uste du «kezkagarria» dela horrelako protokolo bat sortu behar izana, «euskara ofiziala denetik dozenaka urte pasatu direnean oraindik ere benetako lege oruberik gabe dabiltzalako udalak eta erakunde publikoak». Era berean, sorrera ere «pozgarria eta beharrezkoa» dela nabarmendu du, bestela bakoitzak bere aldetik osatuko beharko lukeelako bidea erantzuna prestatzen eta bideratzen epaitegietan, erakundeetan eta kalean. «Protokoloa azken batean hizkuntza eskubideen urraketei erantzuteko bitartekoa da, eta saretzeko eta ahalduntzeko tresna da erakundeentzat zein herritarrentzat. Zentzu horretan, benetan ederra da ahalegina, eta hori guztia protokolo batean bildu izana». Aurrerapauso handitzat hartzen du Uemak udaletatik eta erakundeetatik modu bateratuan erantzun ahal izatea. «Gainera, hizkuntza eskubideen defentsan aritzen diren eragileen elkarlana bultzatzen du».
Aurrera begira, protokoloak hizkuntza eskubideen «defentsa, saretzea eta antolatzea» ahalbidetuko ditu. Uemako kide diren udalak urte askoan aritu dira epaitegiz epaitegi, aktak euskara hutsean bidaltzeagatik, hizkuntza irizpideengatik, lanpostu publikoei dagozkien hizkuntza eskakizunengatik…. Protokoloak, nolabait, oldarraldiaren eraso eta erantzun guztiak kasuistika zehatzen arabera multzokatzen ditu, eta horiei erantzuteko bitartekoak, moduak eta gainerakoak ere zehazten ditu. Protolokoagaz uste dute herritarrak zein erakundeak «babesgabe» ez sentitzea ekarriko duela. «Noraezean ibili beharrean babestuta sentituko dira erasoren bat jasaten dutenak, eta erasoen aurrean zer egin behar den edota beste batzuek orain arte nola jokatu duten ere jakingo dute. Tresna oso baliagarria izango da aurrerantzean».
Hala ere, «ahalik eta gutxien» erabiltzea espero dute, hori izango litzateke albisterik onena, «euskarak benetan biziberritzeko eta aurrera egiteko beharrezkoa duen lege babesa edota lege-orube sendoa lortu duela esan nahiko baitu horrek».