Goi-Goitik ospatu dute Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxeko XV. urteurrena
Barikuan [abenduak 1] eta zapatuan [abenduak 2] askotariko ekintzak egin dituzte gaztetxean. Gazte Asanbladako kideek asteburuko balorazio “oso positiboa” egin dute.
Ez dira egunero 15 urte betetzen eta Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxekoek ondo dakite. Goi-Goitik ospatu zuten barikuan [abenduak 1] eta zapatuan [abenduak 2] urteurrena. Aurten gainera modu berezian ospatu nahi izan dute kideek urteurrena, egun bateko jai eguna egin beharrean, bi egunera luzatu nahi izan dute. Emaitza ezin izan da hobea izan.
Barikuan [abenduak 1] eman zioten hasiera egitarauari Gazte Asanbladakoek. Jende gehiegi hurbildu ez bazen ere, “giro ona” egon zela nabarmendu dute, eta batez ere gazteek “aisialdirako gune bat” izan zutela kontzertuagaz eta pizza-poteoagaz.
Egun handia zapatukoa [abenduak 2] zen. Serigrafia tailerragaz hasi zuten eguna, eta 30 lagun inguruk parte hartu zuten. Hauei, pixkanaka, gero eta jende gehiago elkartu zitzaien ping-pong txapelketako finalagaz eta Akerbeltzen omenezko aurreskuagaz. Azkenean, bazkaltzeko 70 lagun inguru batu ziren.
Arratsaldean herria hartu zuten trikipoteoagaz, eta markina-xemeindarrak bakarrik ez, inguruko herrietako gazteak ere bertaratu ziren gaztetxera arte. Hori gutxi ez, eta helburu nagusietako bat lortu zuten, hau da, gaztetxeko parte aktibo izan diren belaunaldi desberdinetako herritarrak elkartzea. Gaua ordu txikietara arte luzatu zuten.
Orokorrean, Markina-Xemeingo Gazte Asanbladatik urteurrenaren balorazio “oso positiboa” egin dute eta pozik amaitu dute emandako eskaintzagaz eta batez ere herritarrengandik jasotako erantzunagaz.