Umeentzako plastikozko zesta-puntako xistera sortu dute
Markina-Xemeingo Leartiker enpresak garapenean parte hartu du. “Abantaila izugarria” dela nabarmendu dute sortzaileek eta kirolaren "garapena eta zabalkundea" ekarriko duela.
Urte askoren ostean, azkenean sortu dituzte zesta-puntan hasten diren umeentzako xisterak. Xistera elkarteak, Markina-Xemeingo Leartiker enpresak, Asca enpresak eta Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaritzari esker eraman dute proiektua aurrera. 2019an hasi zuten bidea eta orain amaitu dute: “Ez da ibilbide erreza izan, Xistera proiektuaren barruan, zesta-puntaren hedapena mugatzen zuen hainbat behar izan identifikatu ostean. Proiektuaren garrantziaz jabetuta, 2021ean Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza bultzada handia izan zen. Denen arteko elkarlana ezinbestekoa izan da”.
Beharra zegoen, sortzaileek hainbat beharrizan identifikatu zituzten: xisteren kostua jaistea, beste kirolekiko diskriminazioa kostu altuagatik, zesta-punta eskoletatik kanpo kirola praktikatzeko ezintasuna, kirolaren hedapen naturala mugatuta zegoen, berrikuntzak sartzeko zailtasuna edota gero eta zestagile gutxiago egotea.
350 gramo pisatzen du xisterak, zumitzezko ohiko zistera baino 100 gramo gutxiago, “ikaskuntza prozesuan abantaila izugarria ematen du”
Arazo horiek konponduko ditu plastikozko xistera berriak. Horrez gain, zesta-punta “ahalik eta gehien hedatzea” ekarriko dutela uste dute, eta, era berean, lortutako “etekin ekonomikoak garapen berrietan berrinbertitzea”. Xistera berria ekonomikoagoa eta erabilgarriagoa da zesta-punta eskoletan errazago hedatu daitekeelako, edozeinek erosi dezakeelako, bestelako klubetan erabili ahalko dutelako, baita ikastetxeetako heziketa fisikoan ere.
Hain zuzen ere, 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat dago pentsatuta. 350 gramo pisatzen du xisterak, zumitzezko ohiko zistera baino 100 gramo gutxiago, “ikaskuntza prozesuan abantaila izugarria ematen du”. Gainera, plastikozko botilen tapoietatik ortutako plastiko berriztagarriekin daude eginda eta teniseko pilotekin zein eskuzko pilota goxoekin erabili daiteke. Zesta-punta eskolentzako 36,30 euroko prezioa du eta salmenta orokorrean 60 euro ingurukoa. Salgai daude dagoeneko. Orain arteko frogak “ezin hobeak” izan direla baieztatu dute.