Maite Gonzalez: "Egunerokotasunean egiten dituzun gauzak liburu batean islatzeak beti asebetetzen zaitu"
Berriatuan kontsulta duen terapeutak ‘Joven y plena’ bere lehen liburua kaleratu du. Bertan, 35-50 urte bitarteko emakumeek bizitzeko gogoa eta indarra hartzeko zazpi aukera eskaintzen ditu.
Zer kontatzen duzu liburuan?
Emakumeei dago zuzenduta, batez ere 35 eta 50 urtekoei gutxi gorabehera. Adin tarte horretan ikusten da emakumeak gero eta ahulago, nekatuago, puztuago eta ondo lo egin gabe egoten direla. Hormonak asko aldatzen dira, eta digestioak ere txarragoak izan ohi dira. Horrek guztiak loditzeko edo puzteko joera sortzen du. Liburua emakumeei laguntzeko sortuta dago, benetan haien osasuna, gogoak eta indarra berreskuratzeko gida bat da. Zazpi puntutan oinarrituta dago, adibidez, elikadura, loa, garbiketa hepatiko eta emozionalak, kirola, osagarriak eta kanpo emozionalak. Adin tarte horretan dagoen emakumea normalean triste, frustratuta, edozer gauzagatik haserretuta edo nekatuta dago, egunero nire kontsultan ikusten ditudan jarrerak dira. Baina badago modua ikasteko gure buruak eta gorputzak zelan lan egiten duen eta konponbide bat emateko.
Zergatik erabaki duzu liburua orain idaztea?
Gogoa betidanik eduki dut. Aspalditik nenbilen ideiagaz buruan, baina orain ezagutu dut Madrileko editore bat, eta berak eman dit behar nuen bultzada. Gainera, horrelako kasu asko ikusten ditut. Emakume asko daude denetara heltzen ez diren sentsazioagaz, familian, kuadrillan, lanean… Horregatik, lantzen den lehendabiziko arloa kanpo emozionala da, hori dena hartzen duena. Horiek dira gaur egungo 35 eta 50 urte bitartekoen kezka, hurrengoko belaunaldiek bestelakoak izango dituzte. Kontsultan emandako jarraipenen bidez, hamar urte berreskuratu daitezkeela uste dut. Elkarbanatzeko eta zabaltzeko moduko teknikak dira, ahalik eta gehien laguntzeko. Une eta gai egokiak aurkitu ditut.
“Bi aste daramatza bakarrik kalean eta orain arte erantzuna oso ona izan da”
Zelakoa izan da zuretzako lehen liburu bat idaztea?
Oso asebeteta geratu naiz, Bartzelonan erakutsi nuen joan den astean. Egunerokotasunean egiten dituzun gauzak liburu batean islatzeak beti asebetetzen zaitu. Beste modu batera tratatzen duzu. Harro eta pozik nago. Liburu polita da, erraz idatzita dagoelako, denek ulertzeko moduan. Loaren garrantzia eta loaren zikloak, esate baterako, modu erraz eta ulergarri baten azaldu nahi izan ditut. Irakurle bakoitzak ikasi bakarrik ez, bere barneaz gehiago jakiteko balio du, kapitulu bakoitzaren amaieran ariketak daude, etxean egiteko eta autoezagutzan barneratzeko.
Zenbat denboran ibili zara ideiagaz buruan, egi bihurtu duzun arte?
Urte eta erdi gutxi gorabehera neraman liburu bat idazteko ideiagaz, eta editorea ezagutzeak piztu zuen nire barnean behar nuen txinparta hori. Berak lagundu dit nire ideiak liburu baten moduan apur bat antolatzen. Azkenean, ez da bakarrik idaztea, maketazio lan handia dago atzean, eta horretarako laguntza behar nuen.
Zure kontsultan egunerokotasunean bizitzen dituzun kasuetan oinarritu zara.
Hori da, horientzako erantzun bat da. Emakume asko datoz antzeko sintoma edo arazo antzekoekin, eta askorentzako erantzun bat izan daiteke. Guztira 6.500 bezero ditut gutxi gorabehera eta normala denez, askok bat egiten dute liburuan azaltzen ditudan egoerekin. Hori bai, ez da bakarrik emakumeentzako liburua, edozeinek irakurri dezake eta lagundu diezaioke, gehien bat emakumeentzako bada ere. Emozionalki nahikoa baxu egoten dira, eta pentsatu behar dute ez dela nagusitu direlako eta badagoela atzera bueltarik. Badaude gauza batzuk ikasi ez gero asko balio dutenak, zer ariketa egin edo zer janari jan. Denok dakizkigu asko, baina ez ditugu egiten. Normaltasun baten barruan sartzen ditugu eta gero, azkenean, ez ditugu egiten, eta oso garrantzitsuak dira. Adibidez, lau edo sei ordu lo egitea ez da nahikoa. Nik badakit, kontsultan emaitzak ikusten ditudalako, ematen ditudan aukerak erabilgarriak direla eta ondo funtzionatzen dutela. Azkenean, badakigu posible dela osasuntsu eta indartsu egotea. Baita argaltzea ere, askorentzako garrantzitsuena baita, nahiz eta niretzako ez izan. Azkenean, dauten puztuera sentsazio hori galtzea da. Toxikoak murriztean datza, labur esanda, atzean eman daitezkeen minbiziak saihesteko. Lasai sentitzea da nahi duguna, eta ondo ez, oso ondo egon gaitezke.
“Liburu lagungarri eta erabilgarria da, ulerterraza batez ere”
Gakoak, beraz, argiak dira.
Bai, denok dakizkigu, baina gutxitan egiten ditugu. Auto azterketa bat egitea da. Zenbat ordu egiten ditudan lo, zenbat aldiz altxatu naizen, zer ordutan… horrela konturatzen gara gero zertan hobetu dezakegun. Horretarako konponbideak eskaintzen ditu liburuak. Gero emakume bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu, eta moldatu beharra egongo da, ez daudelako bi gorputz edo egoera berdin. Bestetik, jaterakoan ere ikusi behar dugu zer den jaten duguna eta noiz eta zenbat ateratzen garen ondo elikatzeko behar dugun horretatik. Garbiketak ere garrantzitsuak dira gure barneko toxikoak ateratzeko. Kirola egitea funtsezkoa da, baina ez da buru-belarri crossfit egiten hastea. Konturatu behar gara gure gorputzak zein kirol eskatzen digun ondo egoteko eta ez apurtzeko. Neurotransmisoreen bidez aztertzen dugu kanpo emozionaletan zergatik gauden haserre edo zelan lasaitu horrela gaudenean. Gai guztiak ukitzen ditu liburuak, modu errazean, baina garrantzitsua da autoezagutzan barneratzea, eta gehiago ikasi nahi duenak kontsultara etortzeko aukera du. Liburua lehendabiziko laguntza bat da emakumeek ikusi dezaten arreta non jarri behar duten eta hortik hasita, bide berri bati ekiteko.
Zelako erantzuna jaso duzu?
Bi aste daramatza bakarrik kalean, eta orain arte erantzuna oso ona izan da. Nire helburua zen ahalik eta gehien zabaltzea, horregatik egin dut irakurterraza. Gauza konplexuak azaltzen dira, baina era errazean azalduta daudenez, ulertzeko modukoak dira. Liburua erabilgarria eta lagungarria dela esan didate. Horrek asko esan nahi du niretzako, nire helburu nagusia hori zelako hasieratik. Martxan jartzeko liburu bat da, gauzak txarto doazenean albo batera uzteko joera dago, eta liburuak bide berri bat zabaltzen du. Espero dut emakume askori laguntzea.
“Bigarren liburu bat aterako dudala aurreratu dezaket. Menopausiaren ingurukoa izango da”
Lehendabiziko liburuaren bertigoa kenduta, gehiago etorriko dira?
Bai, lehenengo pausoa da zailena. Orain, nire editorearen laguntzaz, badakizkit gauza gehiago. Betidanik gustatu zait idaztea, baina gauza bat da idazlea izatea eta beste bat forma ematea liburu baten ateratzeko. Bigarren liburu bat aterako dudala aurreratu dezaket. Menopausiaren ingurukoa izango da, 50 urtetik aurrerako emakumeentzako pentsatuta batez ere. Adibidez, menopausiako lehen hiru urteak oso garrantzitsuak dira.