Ondarroako sortzaileen plaza bilakatu da Kofradia Zaharra
Gaur [abenduak 9] egin dute Tripi-Trapu azoka herriko 17 sortzailek. Gabonetako egitarau luzeko lehendabiziko ekintza izan da.
Gero eta gutxiago falta da Gabonetarako, hau da, opariak erosteko gero eta denbora gutxiago dago. Ondo dakite hori Ondarroan, eta horregatik herriko sortzaileek gaur [abenduak 9] Gabonetako Tripi-trapu azokan elkartu dira, Fofradia Zaharreko lehenengo solairuan. Guztira 17 sortzaile egon dira 10:30etik 15:00etara: Agurtzane Txikiñe, Alai, Amaiur, Art_ile, Auma, Hariarteka, Jone Talledo, Josune Laka, Lue, Meraki, Naiara, Naixune, Tallerra Tatto, Trontxo, Try By Pau, Txatxala eta Uxola bitxiak.
Azokan askotan gertatu bezala, eguerdi aldean elkartu da jende gehien. Kofradia Zaharreko lehen solairua txiki eta guzti geratu da uneren batean, jendea sartu eta sartu egon da, eta ikusteko hainbeste zegoenez herritarren jarioa etengabekoa izan da. Sortzaileak “pozik” agertu dira herritarren erantzunagaz, eta gainera salmenta “politak” izan dituztela nabarmendu dute.
[ONDARROAKO GABONETAKO EGITARAUA]
Agurtzane Txikiñek, adibidez, azoka egitekoa une “ezin hobea” dela azpimarratu du eta haientzako plaza erakargarria dela. “Iaz eskolako patioan elkartu ginen eta hotza handia egin zuen, aurten behintzat eguraldia lagun izan dugu eta jendea kalera atera da, eta bide batez, guregana hurbildu. Gainera, iaz erdialdetik urrunago zegoen eta jendeari gehiago kostatu zitzaion bertaratzea”.