Mutrikuko dikea dagoen luzeran amaitzea eskatzeko elkarretaratzea egingo dute
Zapatuan [abenduak 16] 13:30ean elkarretaratzea egingo dute ‘Errematu dikea dauan luzeran eta alde hemendik’ lemapean, Goiko Plazan. Herriko hainbat taldek bat egin dute.
Mutrikuko dikearen inguruko gorabeherek ez dute etenik. Eusko Jaurlaritzak, Mutrikuko Portuko Plan Bereziko proiektuaren baitan, FCC eraikuntza enpresari proiektua lizitatu zion. Baina esan deialdiko sinatzaileek esan dutenez, “herritarrak jabetzerako martxan jarri eta hasi orduko lanak gelditurik daude”. Eusko Jaurlaritzak akats teknikoak egin dituela diote eta horrek gainkostuak ekarri dituela. Horregatik, kostuari aurre egin ezinik kontratua eten eta obrak geratu behar izan dituztela esan dute.
Sinatzaileek diote erabakiak “urrutiko bulegoetan” hartzen diren bitartean, herritarrak inguru “desitxuratu eta zikin” batekin bizi behar dutela. “Argi geratu da, beste behin ere, portua beraien negozioak egiteko tresna dela eta gu, mutrikuarrok, maketetako apaingarriak besterik ez”. Gaineratu dute 20 urte daramatzatela horrela eta haien pazientziak “mugak” dituela.
Eusko Jaurlaritzari nahikoa dela eta geurea den espazioan hitza izan nahi dugula aldarrikatzeko bat egingo dugu”
Horrenbestez, uste dute “herri bezala” mugitzeko unea heldu dela. Elkarretaratzea egingo dute ‘Errematu dikea dauan luzeran eta alde hemendik’ lemapean zapatuan [abenduak 16] 13:30ean, Goiko Plazan. “Eusko Jaurlaritzari nahikoa dela eta geurea den espazioan hitza izan nahi dugula aldarrikatzeko bat egingo dugu. Inguruak merezi duen duintasuna behingoz berreskuratzeko garaia da”. Era berean, EH Bilduk herri batzarra deitu du dikearen gaia jorratzeko abenduaren 21erako.
Hurrengokoak dira sinatzaileak: EMA (Emakumeak Mutrikun Abian), MUGA (Mutrikuko Gazte Asanblada), DANBORZALEAK, ELA, PSE-EE, BERDEAK, MRK (Mutrikuko Rock Kolektiboa), TALAIXA TRIATLOI TALDEA, MUTRIKUKO BERTSO ESKOLA, MUTRIKU NATUR TALDEA, EGUZKI, EKOLOGISTAK MARTXAN eta ONDARROA 12 MILIA ELKARTEA.