Galarrena, ezker abertzalearen ezinbesteko biltoki
Galarrena Herriko Taberna 2024ko udaberri ingururako ireki nahi dute, eta horretarako langile bila dabiltza.
Asko dira bertatik pasa diren herritarrak, eta gaur egun itxita dagoen arren, gero eta gertuago dago Lekeitioko ezker abertzalearen txoko kuttunaren irekiera eguna. Galarrena taberna 2024ko udaberri aldera irekitzeko asmoz lanean dabil Kultur Elkartea.
Bide berri honen hasieragaz batera, 2024ko udan 25 urte beteko dira eraikina eta taberna zabaldu zituztela, eta horren harira ere ekintza bereziak egin nahi dituzte elkartekoek.
Langile bila. Horretarako, nola ez, herritar nahiz lea-artibaitarren laguntza ezinbestekoa izango da. Hiru kategoriatako langile profesionalak behar dituzte: sukaldean lan egin nahi dutenak, zerbitzari lana egin nahi dutenak, eta proiektuaren kudeaketa orokorrarekin arduratuko direnak. Curriculuma aurkezteko bi bide zabaldu dituzte: Galarrena Kultur Elkartearen sare sozialetan zabaldu duten formularioaren bitartez edo galarrenake@gmail.com helbidera idatziz.
Berritasunak. Taberna duela ia 25 urte zabaldu zuten arren, Galarrena Kultur Elkartea duela 30 urte inguru sortu zuten, ezker abertzaleak biltzeko gune bat edukitzeko zuen beharrari erantzunaz. Taberna gaur egun itxita dagoen arren, elkarteko ekintzek ez dute etenik izan, eta argi dute tabernaren irekieraren ostean ere hala jarraitu nahi dutela.
30 urtean beharrak eta nahiak asko aldatu diren arren, elkarteko kide batzuek eta ezker abertzaleko beste batzuek Galarrena berriro irekitzeko beharra nabaritu dute. Horregatik, proiektu berri hau aurkeztu nahi dute, eguneratutako ostalaritza eskaintzagaz.
Proiektuaren helburuak ere argi dituzte. Galarrena bere osotasunean berriztuta zabaltzeaz gain, ezker abertzalea batzeko erreferentziazko tokia izatea nahiko lukete eta baita herri guztiarentzako zabalik dagoen espazio bat izatea ere.