Olatuari jarraipena ematen
Zesta-puntan hasten diren umeentzako plastikozko xisterak sortu dituzte; prozesuan parte hartu du Leartiker enpresak: kirolaren «garapena» ekarriko du
Urte askoren ostean, azkenean sortu dituzte zesta-puntan hasten diren umeentzako xisterak. Xistera elkarteak, Markina-Xemeingo Leartiker enpresak, Asca enpresak eta Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaritzari esker eraman dute proiektua aurrera.
2019an hasi zuten bidea, eta orain amaitu dute: «Ez da ibilbide erraza izan, Xistera proiektuaren barruan, zesta-puntaren hedapena mugatzen zuen hainbat behar izan identifikatu ostean egin dugu. Proiektuaren garrantziaz jabetuta, 2021ean Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza bultzada handia izan zen. Denen arteko elkarlana ezinbestekoa izan da».
Proiektua berrikuntzatik haratago doa, «inguratzen gaituen komunitateagaz eta kulturagaz dugun konpromisoaren testigantza» dela esan dute Leartikerretik. «Mota honetako proiektuen bidez, harreman esanguratsuak lantzen ditugu eta balore kooperatiboen ekosistema elikatzen dugu. Proiektuaren funtsa kultura-kirola-pertsonen arteko lotura emozionala da, gure lurraldean hain errotuta dagoen zesta-punta bezalako kirol batek etorkizun hobea izan dezan lankidetza-sare bat eratzen duena».
«Proiektuaren funtsa kultura-kirola-pertsonen arteko lotura emozionala da»
Leartiker
Enpresa kolaboratzailea
Premia zegoen. Sortzaileek hainbat beharrizan identifikatu zituzten: xisteren kostua jaistea, beste kirolekiko diskriminazioa kostu altuagatik, zesta-punta eskoletatik kanpo kirola praktikatzeko ezintasuna, kirolaren hedapen naturala mugatuta zegoen, berrikuntzak sartzeko zailtasuna edota gero eta zestagile gutxiago egotea.
Irakaspenak. Antxon Alberdi Xistera Elkartaren ordezkari moduan eraketa prozesuan parte hartu du, hasieran batez ere. Puntista baten aditu iritzia jaso nahi izan zuten, eta etxebarritarra prest agertu zen bere iritzia emateko, hau da, xistera baten ezaugarriak eta sentsazioak transmititzeko arduraduna izan da.
Aztertutako beharrizanak konponduko ditu plastikozko xistera berriak. Zesta-punta «ahalik eta gehien hedatzea» ekarriko dutela uste dute eta, era berean, lortutako «etekin ekonomikoak garapen berrietan berrinbertitzea». Xistera berria «ekonomikoagoa eta erabilgarriagoa» da zesta-punta eskoletan «errazago» hedatu daitekeelako, edozeinek erosi dezakeelako, bestelako klubetan erabili ahalko dutelako, baita ikastetxeetako heziketa fisikoan ere.
«Umeek telebistan ikusten dutena erreferente moduan hartzen dute»
Santi Olabe
Zesta-punta eskolako arduraduna
Aurretik, duela zenbait urte, bestelako plastikozko zesta bat sortu zuten, gorri eta berde bat. Proiektu horrek, ordea, ez zuen esperotako emaitzarik izan. Hori bai, irakaspenak atera zituzten denek ala denek. «Lehengoak oso gogorrak ziren, ez ziren moldagarriak xisterak diren modukoak, ez zuten kolpea jasotzeko gaitasunik. Leartikerrek material sintetiko bat aurkitu du xisteran errebote sentsazio hori kentzen duena», azaldu du Alberdik. Bestetik, aurreko bertsioagaz alderatuta, arkua ere nabarmendu du hobekuntza puntu nagusi modura. Alberdik plastikozko xisterak probatu zituen, eta zenbait xehetasun transmititu zituen hobetze aldera. Hortik aurrera lan egin dute ikerlariek.
Boom. Santi Olabe Markina-Xemeingo zesta-eskolako arduradunak, normala denez, oraindik ere hobekuntzak ikusi dizkio xisterari, baina «aurrekoak baino hobeak» direla nabarmendu du. Eskularruan nabaritu du hobekuntza gehien. «Gehiago gustatzen zaidana da, aurreko bertsiotik gehien hobetu dutena. Aurrekoek zituzten plastikozko eta belkrodun guanteek ez dute balio, berehala apurtzen direlako. Oraingoek larru sintetikoa dute, eta zintagaz lotzen dira, originalen itxura handiagoa daukate».
Markina-Xemeingo zesta-punta eskolak zenbait erosi zituen, haiek uzten dizkiete hasiera batean umeei. «Gero, umeek kirola gustuko badute eta puntista izan nahi badute, haiena erosiko dute». Azken batean, inbertsio bat da, garestia hori bai, 500 euro inguru balio ditu zumitzezko xistera berri batek, eta gero ez da bakarrik erostea, mantendu eta zaindu beharra dago.
«Xisteran errebote sentsazioa kentzen duen materiala aurkitzea lortu dute»
Antxon Alberdi
Puntista
Proiektua momentu «ezin hobean» datorrela esan du, zesta-puntak Gernika-Lumoko Winter Series txapelketaren bidez batez ere izaten ari den gorakadaren ostean. Zesta-punta eskolan ere nabaritu dute boom hori. «Tradizio handia dago herrian, Uni pilotalekua egunero topera dugu. Egia da umeek telebistan ikusten dutena erreferente moduan hartzen dutela eta astelehenero Jai Alai beteta ikusteak asko balio du». 90 ume inguru dauzkate, eta egun batzuetan Etxebarrira joan behar dira entrenamendu saioak egitera.
Hain zuzen ere, 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako dago pentsatuta xistera berria. 350 gramo pisatzen ditu, zumitzezko ohiko xisterak baino 100 gramo gutxiago, «ikaskuntza prozesuan abantaila izugarria ematen du». Gainera, plastikozko botilen tapoietako plastiko berriztagarriekin daude eginda, eta teniseko pilotekin zein eskuzko pilota goxoekin erabili daiteke. Zesta-punta eskolentzako 36,30 euroko prezioa du eta salmenta orokorrean 60 euro ingurukoa. Salgai daude www.euskalpilotaonline.com webgunean.
«Egitasmo hau ez da hemen amaitzen, bere bidea jarraituko baitu etorkizunean garapen berriak eginez eta kirolak dituen arazo ezberdinei irtenbidea bilatzen».