Berriatuan medikurik gabe jarraitzen dute
Gabonetan ere medikurik gabe egon ziren egun askotan.
Berriatuarrek medikurik gabe jarraitzen dute, erizainak daude kontsultak pasatzen. Hau da, Berriatuko bizilagunak Ondarroako osasun etxera joan behar izaten dira medikuen arreta jasotzeko. Horrez gain, udaletik salatu dute hitzorduak jartzeko “derrigorrezkoa” dela telefonoz deitzea (946 03 79 99) web orritik egunotan “ezinezkoa” delako.
Gabonetan ere medikurik gabe egon ziren Berriatuan. Abenduaren 26, 27, 28 eta 29an eta urtarrilaren 3an ez zen medikurik egon, eta urtarrilaren 2, 4 eta 5ean goiz erditik atzera bakarrik egon zen. Oporretako mediku falta dela eta aste bitan eguneko hitzordu sistemagaz lan egin zuten Berriatuan eta Ondarroako osasun zentroetan. Horrenbestez, herritarrek ezin izan zuten aurreikusitako hitzordurik hartu eta egunean bertan deitu behar izan zuten txandak kudeatzeko.
Berriatuko Udalak “egoera latza” dela salatu du eta Osakidetzari Berriatuko medikuaren hutsunea betetzea eskatu dio. “Erantzukizuna Osakidetzarena da eta beste behin argi utzi nahi dugu herritarrei mediku arreta herrian eman ahal izateko bitarteko jartzeko eskatzen jarraituko dugula”, esan dute.
Lagungarria. Alde horretatik, adibidez, herritarrei laguntzeko asmoz, auzoetako biztanleentzat duen taxi zerbitzua moldatu zuen. Gabonetako oporrengatik eta herriko osasun etxea itxita egoteagatik zerbitzuaren prezioa murriztu zuten. Ondarroan mediku hitzordua dutenek eta haien kabuz joan ezin izan zutenek 2 euro ordaindu behar izan zituzten bakarrik, gainontzekoa udalak ordaindu zuelarik.