Lekitto Bedarra taldearentzat 2023a “oso positiboa” izan da
Taldeak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak banatzen duen Adinekoentzako Lagunkoitasun Jardunbide Egokien saria irabazi du.
2023. urtea “oso positiboa” izan da Lekitto Bedarra osatzen dutenentzat. Lekeitioko taldeak hainbat dinamika antolatu ditu, mota guztietakoak. Klasikoenetakoa Usotegi parkean duten baratzaren uztaren banaketa da. 2023an 350 kilo barazki banatu dituzte, hau da, iaz leheneko kopurua mantendu dute.. Zazpi banaketa egin dizkiote Elikagai Bankuari, lau Dominikar Mojei, eta bat Bihotz Zabal elkarteari. Gehien ekoiztutakoa letxugak izan dira, 1.000 baino gehiago.
Aurten ere bide beretik jarraitu nahi dute, baina hartzaileen “inplikazio handiagoa” bilatuko dute: “Aztertzen ari gara haiek zuzenean Usotegira etortzea eta bertan haiek daukagunetik nahi dutena hartzea. Horrela, harreman zuzen bat sortu nahi dugu eta gurekin batera aritu daitezen, zein barazki mota gustuko duten esan ahal digute eta guk landatu, auzolana landuko genuke eta era berean, gehiago elkar ezagutu”.
Eguenero elkartzen dira Usotegi parkean, “belaunaldien arteko harremanak sendotu eta leku bat izateko non arratsalde on bat pasatzeko”
Horrez gain, sei ikastaro antolatu dituzte eta guztira 110 lagun baino gehiagok parte hartu dute. Denetan arrakastatsuena Tomatearen sekretuak ikastaroa izan da. Bertan, gainera, azken 60 urtetan herrian ekoiztutako tomate punta luze landareak banatu zituzten. Eguenero, Lagunkoi programaren barruan, 16:00etatik 18:30era Usotegin hitzordua izan dute taldeko kide eta kolaboratzaileek “belaunaldien arteko harremanak sendotu eta leku bat izateko non arratsalde on bat pasatu”. Eguenetan auzolanak egiten dituzte baratzean, ortugintza, tresneri pintaketa edota mantentze lanak, bestea beste.
Eragile moduan ere Lekitto Bedarra taldea ez da geldirik egon, batez ere Lekeitiorik Oletara erreka ertzetik oinezkoentzako bidea egiteko proposamenagaz. 2022ko martxoan hasitako ibilbideari 2023ko azaroan amaiera eman zioten. Bizkaia Gara bolondres erakundearen laguntza izan dute eta 18 hilabeteetan hainbat aldiz batu dira Lekeitio, Amoroto, Mendexa eta Ispasterko udal eta alderdi politikoekin. Udalen eskuetan jarri dute taldeak garatutako proiektu eta aurrekontua. Haien ustez, inguruko herritarrentzako “hobekuntza ikaragarria” izango litzateke. Alde horretatik, balorazio “oso positiboa” egin dute egindako lanagatik. Gainera, Lekeitioko Udalari herria hobetzeko 25 proposamen bidali dizkiete 2024ko aurrekontuetarako.
Merezitakoa. Hain zuzen ere, elkarlana da Lekitto Bedarraren zutabeetako bat. Lagunkoi eta Denbora Bankuagaz, adibidez, hainbat ekimen eraman dituzte aurrera, bisita gidatuak edota auzolanak. Horregatik guztiagatik, Lekitto Bedarra taldeak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak banatzen duen Adinekoentzako Lagunkoitasun Jardunbide Egokien saria irabazi du.