Surfa eta emakumeak izango dituzte hizpide, Lekeition
'Emakumea* surflari' dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia antolatu du Artzabal surf elkarteak dute barikuan [urtarrilak 26] 19:00etan, Kultur Etxeko Azkue Aretoan.
Emakumea* surflari dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia egingo dute barikuan [urtarrilak 26] 19:00etan, Kultur Etxeko Azkue Aretoan. Aske surfeatu, aske sentitu, aske disfrutatu eta gustura jardun. Hori izango litzateke dokumentalaren laburpena. Ritxi Goiak zuzendu du dokumentala Emakume Surflari elkarteagaz batera. Solasaldia gidatuko dutenak, berriz, Amets Castrejana eta June Torrealdai izango dira.
Emakume surflari elkartea emakumeek kirolean jasotzen duten diskriminazioari aurre egiteko sortu zen eta hori da, hain zuzen ere, dokumentalak jasotzen duena. Azken batean, surfa hartu dute oinarri, baina beste edozein kirol izan zitekeen, “praktika kolektiboaren bitartez helburua da elkar ahalduntzea”. Dokumentalak elkartearen proposamen feminista erakusten du: “Emakume gehiago egotea itsasoan, orokorrean espazio publikoetan parte hartuz eta emakumeen beharrei erantzunez”. Proiektuak erakusten du emakumeen artean kirola egitea, gozatzea eta harremantzea “beharrezkoa” dela kirolean ere berdintasuna lortzeko.
Gizonezkoei ere zuzenduta dago, emakumeen egoeren berri izan dezaten, azkenean kirol munduan ematen diren kasuak dira, baita surfean ere. “Umetatik asko gustatzen zaizkigu kirolak, edozein gainera: bizikleta, korrika… Lehen Hezkuntzan topera jarraitzen dugu, baina heltzen da DBH eta hor bat batean emakume neska gehienek kirola egiteari uzten diote, esate baterako. Hor zerbait gertatzen da, eta hortik aurrera, unibertsitatean ere emakume gutxi ikusten dira, betiere kirolaren arabera”. Adibidez, Surf Eguna ekarri dute gogora: “Skatean ume neska pila bat zeuden, mutilak baino gehiago, baina gero nagusietan ez zegoen ia emakumerik”.
Haratago joango dira. Horrez gain, gorputz disidenteen gaia ere landuko dute. Azaldu dutenez, heteronormatik ateratzen diren gorputzak dituztenek arazoak izaten dituzte haien tailako neopreno bat aurkitzeko edo janzteko. “Apur bat ulertarazi nahi dugu surfa mundu guztiarentzako dela, eta guk gure buruan daukagun prototipo hori (surflari ilehori, argala, kaliforniekin…) ez dela guztiz erreala”.